Euskal pilota egokituko Master Cup txapelketako finalak jokatuko dira igandean Beasainen
Antzizar Kiroldegian, 12:00etan bi partida jokatuko dira. Adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten zortzi pilotarik hartuko dute parte; tartean dira bi neskek. ETB1-ek zuzenean emango du.
Gero eta gehiago dira kirol egokitua egiten duten adimen urritasuna eta eta urritasun fisikoa duten pertsonak. Azken bi urteetan nabarmena izan da igoera, % 20 hazi baitira lizentziak. Igandean Beasaingo Antzizar Kiroldegia, egiten den lanaren emaitzaren lekuko izango da. Are eta ikusgarriagoa izango dagainera euren lana, Euskal Telebistako lehenengo kateak zuzenean eskainiko baititu Euskal Pilota Egokituko II. Master Cupeko bi finalak. 12:00etan hasiko da pilota jaialdia; dohainik da.
Iaz hasi zuen Master Cupek bidea eta bigarren urtean pilotarien parte hartzea handitu da aurtengo txapelketan eta finalean, zortzi pilotari ariko dira nor baino nor palan. Batetik, adimen urriko bi bikote misto: Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi, Sheila Cueto eta Iraitz Huegunen aurka. Iazko txapelduna da Huegun. Gurpildun aulkian, berriz, Joseba Lasa eta Beñat Lizaso ariko dira urdinez jantzita eta Jabier Etxezarreta eta Asier Navaridas gorriz jantzita. Lizaso eta Etxezarreta izan ziren iazko txapeldunak.
Gipuzkoako Kirol Egokituko lehendakariordea den Blanca Arangurenek, «dena emateko, ondo pasatzeko» eskatu die pilotariei, eta herritarrei, berriz, pilota ikuskizuna ikustera etortzeko gonbita egin diete. Era berean, Beasaingo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Laboral Kutxari eskerrak eman zizkien, txapelketa antolatzeko babesa eta laguntza emateagatik.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak aurkezpenean esan duenez, udalen ardura da kirol egokituari bidea erraztea eta guztion begietan jartzea. Laboral Kutxak babesten du Master Cup-a eta Beasaingo bulegoko zuzendaria den Asier Juaristiren esanetan, «oso eroso gaude horrelako ekintzak laguntzen».
Gonbidatu berezia izan da gaurko Igartzako jauregiko aurkezpenean: Abel Barriola pilotari ohia. Pilotari askoren idoloa.