Denak dauka onetik zerbait, ondo begiratuta
Garunean zuen tumorea kentzeko ebakuntza egin zioten uztailaren 2an Eneritz Martin beasaindarrari. Oraintxe errehabilitazioa egiten ari da lehenbailehen betiko bizimodura bueltatzeko. Berriro saskibaloian jokatzea du helburu.
Denak dauka bere alde positiboa, begiratzen jakin behar da». Ostiral arratsalde batean, laneko azken orduetan kazetariak entzundako hitzetako batzuk dira. Neskato indartsu bezain ausart batek esandakoak dira. Negatiboa dena positiboki hartzen ikasi eta egoera txarrei buelta emanez, bidean aurrera etsi gabe jarraitzen ikasi duen neskato batek.
David Doblas saskibaloi jokalari profesionalak esaten dion moduan, «saskibaloi kanpusetako neska» da Eneritz Martin (2000, Beasain) eta behar baino azkarrago haztea tokatu zaio. Iaz, saskibaloi partida bat jokatzen ari zela zorabiatu egin zen. «Bertigoak izango zirela pentsatu genuen», kontatu du bere ama Eva Diaz del Riok. Baina ez zitzaion behin bakarrik gertatu eta proba medikuak egitera eraman zuten. Ekainaren 26an jaso zituen emaitzak amak, Eneritz saskibaloi kanpus batean zegoela. Uztailaren 2an sei orduko urgentziazko ebakuntza egin zioten. Garuneko laugarren bentrikuluan, zerebeloaren atzean, tumorea kendu behar izan zioten. Ebakuntzaren ondoren 48 ordu pasa zituen suspertze gelan. Guztiak ondo behar zuen ebakuntza eginda, baina hurrengo egunetan Eneritzen eboluzioa ez zen behar bezala joan. Infekzio larria zuen eta bere bizitza hari fin batetik zegoen zintzilik.
Lau hilabete pasa zituen ospitaleratuta eta urriaren 25ean eman zioten alta buruko arrasto eta arrasto fisiko asko izan arren. Harrezkero, egunero-egunero egiten du lan hobetzeko. Mugimenduak arintzeko, hobeto hitzegiteko eta ikusmen normala berreskuratzeko, besteak beste. Dena den, hori ez da aitzakia izan hurrengo urtean ikasketekin jarraitzeko. «Ingeniaritza mekanikoa ikasi nahi nuen, baina momentuz goi mailako graduan matrikulatu naiz». Neska kementsua da eta ikasketak egiteaz gain, «saskibaloian jokatu nahi dut lehenbailehen».
Zilegi ez den egoera
Osakidetzak egindako lana «bikaina» izan dela esan du familiak, baina ospitaletik atera eta Eneritzek errehabilitazio intentsoa behar du, bai hala bai. Evak argitu duenez, «Osakidetzan errehabilitazio saioak asteko pare bat saiotara mugatzen dira; terapia okupazionala astero ordu bat da gutxi gora behera; eta errehabilitazio anbulatorioa, ez mediku aldetik ezta intentsitate aldetik ere ez da egokiena Eneritz lehengo bizitzara bueltatzeko». Hainbat aditurekin kontsulta egin eta gero, guztiak bat datoz: «Ebakuntzaren lehen urtean errehabilitazio neurologiko egokia eta bizia dira hobekuntza arrakastatsurako giltzak».
Hori horrela, Nafarroako Neurologia Zentroa gomendatu zieten. Eneritzek alta hartu aurretik, zentroa bisitatzen eta informatzen egon ziren. «Egoera hobetzeko erabakirik onena Eneritz han sartzea zen». 2018ko urriaren 25ean sartu zen.
Kontuan izan behar da zentro pribatua dela eta duen kostu ekonomikoa handia dela. Evak «egoera tamalgarria» dela esan du. «Pertsonaren ongizatea estatus ekonomikoaren menpe geratzen da, hala prestatuta dago sistema hau». Guraso diren heinean, alabarentzat onena nahi dute eta «edozer egiteko prest» daude. Izan ere, Eneritzek esan bezala, «helburua, iazko ekainaren 26an moduan, saskibaloi kanpus batera itzultzea da».
«Helburua, iazko ekainaren 26an bezala,
saskibaloi kanpus batera itzultzea da»Eneritz Martin (Ordizia saskibaloi taldeko jokaladia)
«Hitzarmenak sinatzea zaila dirudi eta
baliabideak galtzen dira horrela»Eva Diaz del Rio (Eneritz Martinen ama)
Une honetan, «galdu xamar» daudela aitortzen dute. Eneritzek 18 urte ditu baina ekonomikoki gurasoen menpe dago. «Ez dakigu laguntzak jasotzeko eskubiderik duen, nolabaiteko hutsunea nabari dugu horretan».
Beasaindarrak «osasuna berreskuratu eta burujabe izan» nahi du, baina prozesu honek dirauen bitartean «ez du konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik ikaslea zelako eta ebakuntza baino bi hilabete lehenago adin nagusitasuna bete zuelako».
Gizarte Segurantzak jakinarazi die, errehabilitazio prozesuan dagoenez, ez dela egokia bere egoeraren gaineko balorazioa egitea, hilabete batzuen ondoren hobeto egongo delako. Baina adituak ez dira ausartzen berreskurapena noraino helduko den eta zenbat denbora beharko duen esatera.
Hori guztia kontuan hartuta, horrelako kasuetarako laguntzak «beharrezkoak» direla uste du Evak, batez ere «garuneko lesioak dituzten eta urtebete edo gehiagoko errehabilitazioa behar duten gazte eta nerabeentzat». Osasun zerbitzu publikoak eginiko lanaren ostean «pena da tratamendu eraginkorrik edo errehabilitazio aproposik ezin eskaintzea, horrela duten maila baloratuko litzateke».
Ondo dakite zertaz ari diren eta arlo politikoari dagokionez ere badute zer esana: «Zentro pribatuekin hitzarmenak sinatzea zaila dirudi eta horrela baliabide ugari galtzen dira, batez ere, osasun hobekuntzarako tratamendu konkretu eta espezifiko baten menpe denboraldi baterako zehaztua dagoenean».
Bestalde, Nafarroako Neurologia Zentroa hainbat administrazio publikorekin harremanetan jarri dira, Eusko Jaurlaritzarekin besteak beste. Ematen dituzten zerbitzuak hitzarmen baten bidez eskaini nahi dituzte, baina proposamenak ez du aurrera egin.
Eneritzen familiak bere aldetik ondorengo proposamena egin du: «Errehabilitazio neurologiko espezifikoa behar den kasuetarako Nafarroan dagoen zentroarekin kontatu ahal izatea Osakidetzaren bitartez, behar lukeen edozein euskal herritarrak errehabilitazio neurologiko espezifikoa, intentsiboa eta disziplina anitzekoa eskuragarri izan dezan».
Gehitzea beti
Eguneroko borrokari utzi gabe, energia positiboz betetzen duen familiaren eta lagunen indarra du Eneritzek. Edo agian, alderantziz da. Izan ere, kemen handia erakutsi du bide honetan, eta bere gaztetasuna ez da egoerari aurre ez egiteko arrazoia izan. Berak argi du, «bizitzan gehitzen duten pertsonak nahi ditut ondoan», bera ezagutzea bizitzan gehitzea baita.
Azatxo Topaketa igandean, Eneritz Martinen alde
Ordizia Saskibaloi Taldeak Azatxo Topaketa egingo du apirilaren 7an, igandea, Eneritz Martin taldeko kidearen alde. Jokalariarekin elkartasun keinu bat egin nahi izan du klubak. Hori horrela, haren errehabilitaziora bideratuko da egun horretan eskuratutako dirua. 450 haurrek parte hartzea espero dute eta Gipuzkoako hainbat saskibaloi talde gonbidatu dituzte.
Bestalde, kontu korronte bat ere ireki dute edozein herritarrek kolaboratu nahi badu (Rural Kutxa ES 61 3008 1039 6607 4621).