Etxeberriaren funtseko bilduma bat erakusketan jarri dute Lazkaon
Etxeberria sendi bildumazalearen funtseko tresna eta gailu sorta batekin erakusketa antolatu du Lazkaoko Udalak. Astelehenean zabaldu zuten, kultur etxeko areto nagusian, eta apirilaren 13ra arte egongo da.
Udalak 2005ean erosi zuen Etxeberria sendiaren bildumaren zati bat, aldundiarekin elkarlanean. Gordailutik hainbat pieza atera dituzte, eta lazkaotarrek ikusteko eta ezagutzeko aukeran jarri ditu, lehenengo aldiz.
Aita-semeen zaletasuna
Jesus Etxeberria Arrondo ataundarrak eta izen bereko haren semeak osatu zuten bilduma. Euskal Herrian barrena ibili ziren, gauzak biltzeko zaletasunari bide emanda. Euskal kulturako pieza etnografiko eta antropologiko ugari lortu zituzten. Joxe Migel Barandiaranengana jo zuten sarritan, piezez galdetzera.