Helduak ere dantzara
Goierriko dantzari larrien lehenengo topaketa Lazkaon egingo dute, larunbatean. Haurren 'dantzari txiki' formatua edukiko du, baina helduei begira. Zazpi herritako 200 dantzari joango dira
Dantzatzeko ohitura helduengana ere zabaltzeko ahaleginean, beste urrats bat egingo dute Goierriko dantza taldeek. Eskualde osoko I. Dantzarien Topaketa antolatu dute. Aurreneko festa hori Lazkaon izango da, larunbatean, egun osoan.
Haurren Dantzari Txiki egunen formatu bera izango du topaketak: goizean herrietako dantzariak elkartu, Lazkaoko kaleetan kalejiran ibili, tartekako geldiuneetan dantza batzuk egin, eta eguarterako atzera plazara bildu eta saio bateratua eskaini. «Baina dantzari helduen festa izango da», utzi dute argi Lazkaoko Oin-Arin taldeko batzordekideek.
Denera, 200 bat dantzari elkartuko dira Lazkaon. Goierriko zazpi taldek parte hartuko dute, euren baitan dituzten helduekin: Oin-Arin (Lazkao), Lurra (Urretxu), Azpilla (Segura), Amets-Bide (Ordizia), Aurtzaka (Beasain), Axari (Idiazabal) eta Irrintzi-Alai (Legorreta).
Bi urtean behin segitzeko
Korrika Kulturalaren barruan sartu dute Goierriko I. Dantzari Topaketa, eta, euskararen aldeko lasterketa bezala, dantzarien bilkura ere bi urtean behingo maiztasunez antolatzen jarraitzeko asmoa daukate.
Antolaketa ere taldeen artean lanak banatuta gauzatu dute. Amets-Bidekoak arduratu dira bazkariarekin, adibidez. Lazkaoko plazako frontoian egingo dute parte hartzen duten dantzari helduek eta txistulariek.
Goierriko Erromeria Birak 5. urtemuga du aurten, eta aitzakia horren pean sortu dute topaketa. «Dantza taldeen harremana indartzea eta dantza sustatzea dira helburu, eta urrats bat gehiago eman nahi dugu». Erromeria eta jolasak irekiak izango dira.
Zaldibian eta Zegaman, Dantzari Txikiak igandean
Zaldibiako 29. Dantzari Txiki Eguna igandean da, Iztueta taldeak antolatuta. 12:00etan desfilea, 13:00etan jaialdia eta 16:30ean Joxe Mendizabalekin dantzaldia dituzte. Iztuetaz gain, Amets-Bide (Ordizia), Aurtzaka (Beasain), Irrintzi-Alai (Legorreta) eta Alurr (Ibarra) taldeak gonbidatu dituzte.
Zegaman ere igandean ospatuko dute Dantzari Txiki Eguna, Tobera Musika Eskolak antolatuta. 10:45ean hamaiketakoa egin eskolako patioan, eta 11:30ean desfilean irtengo dira. Zegamarrez gain, Azpilla (Segura), Aurtzaka (Beasain) eta Oin-Arin (Lazkao) ariko dira.