«Txapelketa osoko momenturik onenean iritsi gara finalera»
Irribarriak garai bateko jokoa eta ilusioa berreskuratu ditu, bolada txarra pasa eta gero. Binakako txapelketako finala jokatuko du igandean Zabaletarekin, eta «momenturik onenean» iritsi direla dio.
Iazkoa ahazteko moduko urtea izan bazuen ere, aurten «pilotarekin gozatzen» ari da Iker Irribarria (Arama, 1996). Bolada txarra pasa duela aitortu du, baina «aldaketak desesperaziotik» datoz eta egoerari buelta ematen jakin du. Zabaletarekin bikote sendoa osatu du; hasieran baino «konpenetrazio handiagoarekin» ari direla dio, eta txapelketan zehar «bikote bezala gora» egin dutela. Bere ibilbideko laugarren finala jokatuko du igandean Bilbon, Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra. Sasoi aldetik txapelketako «momenturik onenean» iritsi direla dio.
Binakakoa txapelketa luzea da. Zer gorputzaldirekin iritsiko zara finalera?
Txapelketa bat gaizki ateratzen denean egiten da luzea. Guk zorte ona izan dugu; ez dugu inongo minik izan, ezta partidarik bertan behera utzi beharrik ere. Finalera tentsio puntu onarekin iritsi gara, txapelketa osoko momenturik onenean, eta hori aprobetxatu beharra dago.
Iazko urtea ez zenuen ona izan. Aurten badirudi beste konfiantza batekin ari zarela.
Dudarik gabe. Aurreko urtean jokatzeko modua ere diferentea zen, emaitzarik ez nuen ikusten. Partida guztietan beti atzetik hasten nintzen eta kosta egiten zitzaidan bukatzea. Aurten, berriz, konfiantzarekin ari naiz, aurrera pilotaren bila joaten, eta gauzak ateratzen ari dira, beraz aurten ez dut kexatzeko motiborik. Gozatzen ari naiz pilotan.
Zer aldatu da iaztik egoera hari buelta emateko? Prestakuntza aldatu duzu? Ala pixkanaka joan zara konfiantza hartzen?
Prestaketa aldatu dugu, batez ere fisikoa. Teknikoki ere entrenatzen jarraitu dugu, eta alde psikologikoa ere landu dugu. Onena izateko helburu horrekin aritu gara lanean, eta pixkanaka lortu dut pilotarekin disfrutatzea. Urte txarretan disfrutatu gutxi eta sufritu asko egiten da, eta aldaketak askotan desesperaziotik etortzen dira; urtebete txarra egindakoan eta buelta eman ezinda zabiltzanean, desesperazio horrek esaten dizu zerbait aldatu behar duzula.
Zabaletarekin bikote sendoa osatu duzu. Ligaxkan fin aritu zineten, baina azken partidetan oso sendo ari zarete. Zu zeu ere konfiantza gehiagorekin, tantoak bukatzeko beste gose batekin zaudela dirudi.
Hobera egin dugula esango nu-ke. Hasieran bikoteka bai, baina bakoitza bere aldetik aritu ginen, eta gehien kostatu dena biok elkarrekin aritzea izan da, baikotza bere martxan joan beharrean. Azken partidetan elkar hartuta aritu gara, konpenetrazio handiagoarekin, jakinda bakoitzaren puntu ahulak zein diren, elkar laguntzeko. Eta nik uste dut azken partidetan gora egin dugula, baina batez ere bikote bezala egin dugula gora.
«Urte txarretan asko sufritzen da eta gutxi gozatu,
eta aldaketak askotan desesperaziotik datoz»«Nik uste azken partidetan gora egin dugula,
baina batez ere bikote bezala egin dugula gora»
Finalean Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzue parean. Ligaxkan onenak izan ziren, baina finalerdietan irabazi egin zenieten. Finala oso paretsua izango dela aurreikusten da.
Partida gogorra izango da. Ligaxkan gu baino puntu bat gehiago atera zuten eta merezimendu osoz iritsi dira finalera. Bukaeran apur bat erlaxatu egin ziren, emaitza aldetik joko aldetik baino gehiago, baina normala da hori, lanak ondo eginda zeudelako. Entzun izan dugu bikote bezala behera egin dutela baina ez dut uste horrela denik, aurreko astean ere erakutsi zuten gaizki ez daudela. Onak dira, beti egon behar duten lekuan daude eta kostako zaigu haiei irabaztea.
Rezustak [aita ormaiztegiarra du] laugarren finala du jarraian. Orain bi urte elkarrekin irabazi zenuten binanakoa. Elkar ondo ezagutzen duzu.
Bai, ondo ezagutzen dugu elkar. Azkenean hau matrimonioa bezala da, lau hilabete elkarrekin pasatzen dituzu, eta finalera iritsiz gero, gehiago. Horregatik izaten da garrantzitsua bikotekide duzunarekin ondo eramatea, bakoitzaren puntu indartsuak eta ahulguneak zein diren jakin eta elkar hartzea. Azkenean harreman sendoa egiten da, bai.
Orain Zabaletarekin ari zara, eta hark iaz Ezkurdiarekin irabazi zuen binanakoa. Bigarren txapela janzteko gogoz egongo da seguru asko, zu bezalaxe.
Denoi gustatzen zaigu irabaztea eta txapel bat are gehiago. Baina niretzako garrantzitsuena da orain disfrutatzen ari naizela, gora egin dugula, eta uste dut asmatu dugula prestakuntzarekin eta egindako lanarekin. Orain, bertan izanda, finala eta txapela irabazteko gogoz gaude, noski. Bera ere [Zabaleta] gogotsu dago, azkenean atzelarientzat txapelketa bakarra izaten da binakakoa, eta segidan bigarrena irabaztea garrantzitsua litzateke berarentzat.
Azken partidetan bikote bezala hobeto ari zaretela esan duzu. Finalerako prestaketa eta jokamolde bereziren bat prestatu al duzue?
Ez bereziki. Aurkariak nola jokatzen duen ikusi eta beti izaten da kontuan hartu beharreko zerbait, baino gainontzean ezer berezirik ez. Azkenean guk ere badakigu nola jokatu behar dugun, azken partidan Bilbon jokatu genuen bezala jokatu behar dugu, nahiz eta finala izanda ez den beti hain erraza izaten.
Pilota aldetik zer moduzko txapelketa joan da? Konforme al zaude orain arte jarritako materialarekin?
Azken bi urteetan ikusten da joera bat, pilota bajatu egin dela, baina txapelketa honetan ez dut uste arazoa izan denik hori. Bajuagoak izatean lehenago gastatzen dira, eta hori bai da aldatu beharrekoa. Baina aurten nahiko pilota onak izan ditugu, eta guretzako garrantzitsua da pilotak bere brillu hori mantentzea.
Oraindik badago finalerako sarrerak erosteko aukera
Eskuz binakako txapelketaren finala igandean jokatuko dute, Bilboko Bizkaia frontoian, 17:00etan hasita. Irribarria-Zabaleta eta Elezkano II.a-Rezusta partidaz gain, beste bi jokatuko dituzte: Altuna III.a- Martija / Urrutikoetxea-Imaz, eta Dario-Ruiz / Bakaikoa-Urretabizkaia. Finalerako pilotak aukeratzeko saioa bihar egingo dute, 12:00etan, Bilbon bertan.
Iganderako sarrerarik ez duenak badu oraindik erosteko aukera. Kantxan 130 euroan daude salgai, errebotean 40 eta 50 euroan, eta merkeenak alboko 3. solairuan, 35 euroan.