Beasainen 221 euskal liburu «aske»
'Liburuak Libro' egitasmoa egingo dute igandean, Irakurle Taldeak eta Herri Ekimenak antolatuta. Herritarrek Beasaingo hainbat txokotan utziko dituzte liburuak. Edonork har ditzake
Beasain liburutegi irekia izango da igandean. Loinazko ermita ondoko bankuan, CAFeko sarreran, tren geltokian, Igartzako errotako baratzean, Usurben, Murumendin, Zelaeta plazako banku batean… herritarrek utzitako 221 liburu egongo dira herritarren eskura. Izan ere, hiru asteko izen-emate kanpainaren ondoren Beasaingo Irakurle Tal- deak eta Herri Ekimenak elkarrekin abian jarritako Liburuak Libro egitasmoa egingo baita igandean.
Antolatzaile taldeko Irati Goikoetxearen esanetan, «izena eman duten pertsona guztiek beraiek aukeratutako liburuak beraiek aukeratutako herriko txokoan utziko dituzte, eta hala, liburu horiek libre geldituko dira hartu nahi dituen ororentzat. Liburutegi irekia izango da Beasain». Haur, gazte nahiz helduentzako 221 liburu egongo dira eskuragai kale, parke, auzo, mendi eta eraikin ezberdinetan, eleberriak, ipuin bildumak, saiakera, poesia nahiz komikiak. Beasainekin muga egiten duten herri guztietan ere liburu bana egongo da.
Ikusgarritasuna
Euskal literaturari ikusgarritasuna ematea, irakurzaletasuna bultzatzea, euskal kulturari keinu egitea, berrerabilpena sustatzea, herriko txokoak ezagutzera ematea eta herritarren harreman-sarea estutzea ditu helburu Liburuak Libro ekimenak.
Herritar ugarirekin batera, herriko idazleek, bertsolariek eta kirolariek babestu dute ekimena, baita herritik kanpoko askok ere. Besteak beste, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria den Garbiñe Ubedak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, eta Susa, Alberdania, Erein, Pamiela, Elkar, Txalaparta eta Balea Zuria argitaletxeek. Asteazkenean Igartza literatur bekako Basa liburua aurkeztu zuen Miren Amurizak ere bat egin du, ale bat Igartza barruan utzita.
Liburuak uzteko ordu zehatzik ez dago, baina komunikabideek irudiak har ditzaten, igandean 10:30ean jarri dute hitzordua Loinazko San Martin plazan. Horrekin batera, liburua utzi eta hartuko duten herritar orori liburua uzterako momentuan eta liburua hartzerako momentuan argazkia atera eta #LiburuakLibro traolaren bidez elkarbanatzeko proposamena egin die ekimenaren bultzatzaileek.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, «Donostian eta Iruñean ekimenaren berri izan dute eta hiri haietan ekimen bera martxan nola jarri pentsatzen ari dira».