Ampo Ordiziak 39 eta 15 galdu du Hernanin, burua eta bi hankak 'play-offetan' dituela
Ampo Ordizia errugbi taldeak jipoi handi samarra jaso du, gaur, Hernani taldearen aurkako derbian, Landare zelaian (Hernani). Ohorezko Mailako bigarren itzuliko derbia jokatu dute. Ordiziarrek 4. postuan bukatuko dute liga erregularra, eta 'play-offetarako' sailkatuta daude jada.
Jokoan zegoenaren pisuak mugiarazi du balantza Hernaniren aldera, gaur, Landaren. Ohorezko Mailatik ez erortzeko ahaleginean ari da Hernani. Liga erregularrean egin beharreko lan guztiak eginda dago, aldi berean, Ampo Ordizia. Jokalarien intentsitatean eta presiorik ezean nabaritu da hori, eta azken emaitzak zalantzarako tokirik ez du utzi gipuzkoar derbian: Hernanik 39, Ampo Ordiziak 15.
Lehen zatian amildu zaio Ordiziari partida. Lau entsegu lortu ditu Hernanik, eta 26 punturaino ihes egin du. Ordiziak, berriz, zigor kolpe baten 3 puntuak besterik ezin izan ditu batu lehen 40 minutuetan, eta hori ere jada 12-3 atzetik jartzeko.
Bigarren zatian, entsegu batekin eta jaurtiketa gauzatuta saiatu da Ordizia erantzuten (26-10). Baina bi zigor kolpe haga tartetik igarota, Hernanik aise jokatzeko lain alde lortu du berriro, 60. minuturako (32-10). Bosgarren entsegu batekin borobildu dute arratsaldea hernaniarrek. Lau puntuek eta erasoko bonusak, beraz, salbaziorako urrearen balioa duten 5 puntu eman dizkie Landarekoei.
“Ez gara urte guztian eman dugun mailan aritu. Burua ‘play-offean’ daukagu, agian, eta horrek eragin zezakeen. Lasaiegi jokatu dugu, beharrezko presiorik gabe. Lehen zatian jarri zaigu partida aldapan gora jada”, esan dio Ampo Ordiziako jokalari Asier Kortak Euskadi Irratiari.
Ampo Ordiziak liga erregularra 4. postuan bukatu du, jokatzeko oraindik jardunaldi bat falta den arren. Sailkapeneko lehen biak zuzenean igaroko dira liga lehiatzeko fasera, eta 3. postutik 6.era bitarteko taldeek ‘play-offa’ jokatuko dute. Eroso dago Ordizia horretarako sailkatuen oholaren erdi-erdian.
Denboraldian egindakoarekin gustura daudela aitortu du Kortak. Taldea aurten “osatuago” dagoela eta jokalariak “hobeto uztartu” direla elkarrekin gehitu du.