Goierriko dantzari handien egun handiagoa
Festa alaia, dotorea eta gutxitan ikusten diren bezalakoa egin dute Goierriko dantzariek Lazkaon. Dantzari Txiki egunen antzera, dantzari helduak ibili dira kalejiran. Saio bateratua egin dute plazan, eta lagunarteko bazkarian elkartu dira gero. Bi urtean behin jarraitzeko asmoa dute, Korrika Kulturalarekin bat eginez.
Lazkaoko Oin-Arin dantza taldea anfitrioi zutela, Goierriko beste sei herritako dantzari taldeak elkartu dira, gaur, Lazkaon Goierriko dantzari helduen lehenengo topaketa egin dute, eta 200 lagun elkartu dira. Haurretan ohi zuten bezala, kalejira egin dute Lazkaoko kaleetan barrena aurrena, tarteka gelditu eta saiotxoak dantzatuz. Bi multzotan banatu dituzte. Legorretako Irrintzi-Alai, Segurako Azpilla, Lazkaoko Oin-Arin, Idiazabalgo Axari, Urretxuko Lurra, Beasaingo Aurtzaka eta Ordiziako Amets-Bide taldeetako ‘dantzari handiek’ jarri dute mugarria. Aurrerantzean, bi urtean behin segitzeko asmoa dute, Korrikarekin bat eginez.
Bihar haurren txanda izango da. Zaldibian eta Zegaman ospatuko dira Dantzari Txiki egunak. Zaldibian, Iztueta taldeak antolatuta, Amets-Bide (Ordizia), Aurtzaka (Beasain), Irrintzi-Alai (Legorreta) eta Alurr (Ibarra) taldeak izango dira, Iztuetakoez gain. 12:00etan hasiko dute desfilea, 13:00etan jaialdia eta 16:30ean Joxe Mendizabalekin dantzaldia.
Zegaman, Tobera Musika Eskolako dantza taldearekin batera, Azpilla (Segura), Aurtzaka (Beasain) eta Oin-Arin (Lazkao) izango dira. 10:45ean hamaiketakoa jan eskolako jolastokian, eta 11:30ean abiatuko dira kalejiran.