Udal hauteskundeetako lehenengo 'superlarunbata'
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen prozesua asteartean hasi ondoren, alderdiek bizitu dute pausoa. Alkategaiak eta zerrendak aurkeztu dituzte atzo eta gaur Goierriko hainbat herritan. Udalerri erdietan, hala ere, alderdiek eta hautes taldeek oraindik ez dute publiko egin nortzuk izango diren hautagai.
Udal eta foru hauteskundeen deialdia apirilaren 2an egin zen ofizialki, eta hauteskunde-prozesua abiatu da, horrenbestez. Ederki nabaritu da hori lehendabiziko asteburuan. Atzo ostirala, eta gaur larunbata, aurkezpen eta izendapen ugari egin dituzte alderdiek.
Ataunen, EAJk Xabier Barandiaran Irastortza eta zerrenda propioa aurkeztuko dituela lehenago jakinarazi bazuen, atzo arratsean aurkeztu zuen alkategaia publikoki, San Martingo Batzokian. Ataun “biziberritu eta indartu” nahi du Barandiaranek, eta horiek hartu ditu “bi konpromiso nagusi” gisa. Lana “gogotik” egitea eta “lankidetza” aipatu ditu horretarako errezeta. Markel Olano diputatugaia —haren kabineteko buru izan da Barandiaran 2007-2011 eta 2015-2019 agintaldietan, Foru Aldundian— eta Joseba Egibar izan zituen alboan, baita Bittor Oroz politikari ataundarra ere. “Ataunek aldaketa behar” duela ziurtatu du Barandiaranek, “herriko bizitzan, azpiegitura eta zerbitzuetan, eta udalgintzan”. Alderdi jeltzalea 1991n aurkeztu zen bere siglekin azkeneko aldiz Ataunen.
Idiazabalen, EH Bilduk eman du herriko hautagaia aurkezteko lehenengo pausoa, bertako talde politikoen artean. Iñaki Alberdi Iparragirre aukeratu du koalizioak udalerako zerrendaren buru izateko. Atzo jakinarazi zuten izendapena, txio baten bidez.
Urretxun ere gaur eguerdian aurkeztu du EH Bilduk alkategaia. Iñaki Etxaniz izango da zerrendaburua, 2015-2019 agintaldian udal zinegotzi izan dena. Hezkuntzan irakasle eta eskola-zuzendari da lanbidez, eta hango esperientzia jarri du Etxanizek mahai gainean: “Komunitate hori ondo ezagutzen dut”, esan du. Udala herritarrengandik “gertueneko” instituzioa dela, baina “herritarrengana gerturatu” beharra dagoela aldarrikatu du, “eta elkarrekin proiektu estrategikoak landu”. Ilusioz hartu du “erronka”. Urretxu biziagoa nahi duela aurreratu du; “Urretxun lan egin eta bizi nahi dugu”. Etxanizek, EH Bilduk eratu duen udal zerrendan “esanguratsua den eta izango den” beste hautagai bat aurkeztu du: Nekane Oruesagasti. Hauteskunde programako ildo nagusiak hurrengo asteetan zabalduko dituzte.
EAJk Legorretan ere gaur goizean egin du plazan alkategaiaren eta udal zerrendako kide guztien aurkezpena. Aitziber Meabe Sorazu joango da zerrendaburu. Herria “blokeo” eta “atasko” egoeran dagoela esan du, “etorkizuneko proiekturik gabe”. Herriari “behar duen bultzada” ematea izango dela bere lana aurreratu du, alkate hautatzen badute. “Legorreta sendoa nahi dugu, etorkizuna duena”. Udalerako EAJk elkartu duen talde osoa izan du ondoan Meabek, “esperientzia, talentua eta batez ere herriaren alde lan egiteko ilusioa” dituena. “Alderdiak lan talde serioa aurkeztu du”, nabarmendu du. Honakook osatuko dute Legorretan EAJren zerrenda: 1. Aitziber Meabe Sorazu, 2. Garbiñe Garmendia Etxeberria, 3. Ainara Amenabarro Etxeberria, 4. Izaskun Zubeldia Otegi, 5. Patrizia Valles Quijada, 6. Jose Mujika Garmendia, 7. Ana Ugartemendia Ugalde, 8. Jose Mari Lasa Sarasola eta 9. Jesus Martinez.
Legorretan bertan, PSE-EE alderdiak atzo jakinarazi zuen zerrenda aurkeztuko duela udalerako. Maite Cruzado jarri du zerrendaren buru, Gipuzkoako Foru Aldundian Turismoko zuzendari dena 2015-2019 agintaldian.
Gaur-gaurkoz, Goierriko 12 udalerritan egin dute alderdiek publiko alkategairen baten izenaren berri. Beste 11 herritan oraindik ez dute jakinarazi.
Goierriko alkategaiak 2019ko udal hauteskundeetan (2019-4-6an)
Ataun:
-EH Bildu: Martin Aramendi Arana.
-EAJ: Xabier Barandiaran Irastortza
Beasain:
-EAJ: Aitor Aldasoro Iturbe
-EH Bildu: Nerea Mantzisidor
-PSE-EE: Eva Alvarez
Idiazabal:
-EH Bildu: Iñaki Alberdi Iparragirre
Lazkao:
-EAJ: Kepa Zubiarrain Erauskin
-EH Bildu: Joxemari Ormazabal Sukia
Legazpi:
-EH Bildu: Edurne Gonzalez
-EAJ: Koldobike Olabide
-PSE-EE: Oscar Valbuena
Legorreta:
-EH Bildu: Zelai Amenabarro Goikoetxea
-EAJ: Aitziber Meabe Sorazu
Ordizia:
-EAJ: Jose Miguel Santamaria Ezeiza
-EH Bildu: Adur Ezenarro Agirre
-PSE-EE: Iñaki Dubreuil Txurruka
Ormaiztegi:
-EH Bildu: Asier Etxarri Eskisabel
Segura:
-EH Bildu: Izarra Urdalleta Iraola
Urretxu:
-EAJ: Jon Luqui Albisua
-EH Bildu: Iñaki Etxaniz Arregi
Zumarraga:
-PSE-EE: Mikel Serrano Aperribai
-EH Bildu: Josu Aztiria Urtaran
Zegama:
-Zegama Lantzen: Joseba Izagirre Arozena
Alkategairik jakinarazi ez dutenak:
-Ezkio
-Itsaso
-Itsasondo
-Gabiria
-Mutiloa
-Olaberria
-Zaldibia
-Zerain
Bozketa pertsonala egiten dutenak (250 biztanle baino gutxiagoko udalerriak):
-Altzaga
-Arama
-Gaintza