Liburuak liburuen truke
Loinazko Andre Mari baselizaren aurrean, amiantoaren biktimen ohorezko monumentuan, Murumendin, Garinen, Ttiklik elkargunean… hainbat liburu jarri dituzte eskuragai Goierriko herrietako irakurzaleek Beasainen, Liburuak Libro egitasmoaren barruan. Euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz antolatu dute egitasmoa Beasaingo irakurle taldeak eta Herri Ekimenak. Adin guztietako irakurleentzako 221 liburu banatu dituzte denera, eta Miren Amurizak ere bat egin du egitasmoarekin: joan den asteazkenean argitaratu zuen Basa liburua utzi du Igartzan.
Loinazko San Martin plazan bildu dira parte hartzaileak gaur 10:30ean, eta astia izan dute euren bizipenak elkarri kontatzeko. Egindako lana biribiltzeko, Ekaitz Goikoetxea bertsotan aritu da. Antolatzaileek herritarrei adierazi diete liburuak utzi eta hartzeko uneari argazkia atera, eta sare sozialetan #liburuaklibro traolarekin elkarbanatzeko.