Ormaiztegi aldera joan da Binakako txapela
Bigarren txapela jantzi du ormaiztegiar jatorriko Beñat Rezustak, Elezkanoren estreinakoarekin batera. Irribarriak eta Zabaletak ezin izan dute aurretik jarri, nahiz eta bi berdinketatan parekatuta egon diren.
Danel Elezkano zaratamoarra eta Beñat Rezusta ormaiztegiar jatorriko bergararra dira Binakako Pilota Txapelketaren txapeldunak. Finalean 22 eta 19 gainditu dituzte Iker Irribarria aramarra eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarra (urdinez).
Une oro bikote gorria aurretik izan da markagailuan. 4-0 aurreratu dira, eta berebizikoa izan da abantaila hori, urdinek baino huts gutxiago eginda mantendu baitute partida osoan zehar. Bi berdinketa besterik ez dira izan, 10na eta 16na. Irribarria eta Zabaleta atzean saiatu dira lana egiten, arrisku handirik hartu nahi ezta.
16-11 aurretik jartzera iritsi dira Elezkano eta Rezusta. Urdinen erauntsiari eutsi ezezik, txapelarekin benetan sinisten hasi dira. Irribarriaren kemenaldia etorri da orduan, eta hiru tanto segidan egin ditu, ezker gantxo eta bolea indartsuekin. Gorrien beste bi huts baliatuta, berdintzera iritsi dira Irribarria-Zabaleta. Baina ezin izan diete gain hartu. 19-16raino ihes egin ondoren, 22 eta 19an geratu da finala.
Rezustak bigarren txapela du binakakoan (Irribarriarekin batera lortu zuen lehenengoa, 2017an). Laugaurren finala zuen gaurkoa, segidan. Diman ospatuko dute bi txapeldunek eta haien kuadrillek, gaur gauean. Irribarriak eta jarraitzaileek Ordiziako Tximista sagardotegian afalduko dute. Bigarren finala zuen aramarrak gaurkoa. Aramara ez, baina Ormaiztegiko Mekola baserrira –hangoa du aita Beñat Rezustak– joan da txapela handia.