Beasaingo EAJ-k agintaldiaren balorazio "positiboa" egin du, "hauteskunde programaren %80a gauzatuta"
Aitor Aldasoro alkatearen eta alkategaiaren esanetan, "guztira, 16 milioi euro inbertitu ditugu beasaindarrei herri atseginagoa eta kultur, kirol eta euskara alorretan aukera berriak eskaintzeko helburuarekin».
Beasaingo EAJ-k udalaren gidaritzan egindako lanaren balorazioa «positiboa» egin du, «duela lau urte herritarrei aurkeztutako programaren % 80a betetzeko gai izan» direlako. Aitor Aldasoro alkategai jeltzalearen esanetan, «lau urte ez dira nahikoak proiektu guztiak gauzatzeko, baina pozik gaude egindako lanarekin, emandako hitza bete dugu eta hainbat proiektu gauzatu ditugu, betiere ere gure lanaren erdigunean pertsonak eta bere ongizatea kokatuz».
Dolarea parkearen berritzea, Olaran eta Bonberia eraikinen aktibazioa edo Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen arteko zubia gauzatzeko edota martxan jartzeko «denborarik izan ez» dutela aitortu du alkateak eta alkategaiak.
Langabezia 2,7 puntu jaitsi
Bestalde, «enplegua sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea eta herritarrei aukera berriak eta eremu atseginak eta irisgarriak eskaintzea» izan dira EAJ-ren ardatzak. Honela, tokiko ekonomia indartu eta enplegu aukera berriak sortzeko Anezka enpresa inkubategia, Coworking-erako diru laguntzak, Enplegu Planaren bitatez formazioa eta lan aukera berriak, Baratze Sozial okupazionalk, Arangoitiko 15 plaza berriak eta larunbateko eta Ezkiaga auzoko azokak nabarmendu ditu Aldasorok. «Ekimen guztiek esker, 2,7 puntu jaitsi da langabezia tasa Beasainen. 2015. urtean % 10,5eko langabezia tasa zegoen herrian eta egun % 7,8; 198 pertsona langabetu gutxiago dago, beraz».
Era berean, gizarte alorrean ere inbertsio handiagoa egin dutela gogoratu du: «Azken urtean esaterako, 750.000 euro gehiago bideratu ditugu eta agintaldi osoan zehar 290.000 euro baino gehiago zahartzao osasuntsua sustatzeko». Horrekin batera, «guztira, 16 milioi euro inbertitu ditugu beasaindarrei herri atseginagoa eta kultur, kirol eta euskara alorretan aukera berriak eskaintzeko helburuarekin».
Egindako proiektuak
Azken lau urteotan egindako proiektuan artean, ondorengoak nabarmendi ditu: Loinatz futbol zelaiko belar artifiziala, Beasain Kirol Sariak, Igartza Musika Programa eta Beka, eta dantzan.eus-ekin sinatutako akordioa, Nekolalde eta Zapizturrieta kaleen eta Erauskingo plazaren oineztatzea eta euskararen erabilera indartzeko Hizkuntza Errofortzu Zerbitzua eta Euskara Kirolean programa.
“Eta hori guztia, gobernu ona oinarri hartuta egin dugu, gertutasunetik, gardentasunetik eta elkarlanetik, bai herritarrekin, eragileekin eta baita gainerako talde politikoekin ere. Osoko bilkuretan edota gobernu batzordeetan jorratu ditugun gai eta proiektuen %92a aho batez onartu dugu. Kasuen %5ean abstenitu da oposizioa eta %3an bozkatu dute aurka” azaldu du Aldasorok eta bere esanetan “esanguratsuak dira oso datu horiek”. Bestalde, udala herritarrei gerturatzeko eta eraginkorragoak izateko asmoz: udal egitura berria, webgune, aldizkari eta APP berriak aipatu ditu Aldasorok.
Diru kontuak “osasuntsu”
Azkenik “egindako kudeaketa eraginkor eta zorrotzari esker, udal diru kontuak osasuntsu” daudela azpimarratu du, “10 milioi euroko soberakina du udalak inbertsio handia eskatuko duten etorkizuneko proiektuei aurre egin ahal izateko, hala nola, Porteria auzoaren berritzea edota herriaren garapena burdinbide gunean”.
Beraz, “hasieran esan bezala, pozik gaude egindako lanarekin eta ekindako bideari jarraipena ematea da gure nahia, proiektu berriekin, enplegu aukera berriak sortzen, pertsonen ongizatea bermatzen eta kultura, kirola, euskara eta berdintasuna sustatzen jarraitu dezagun” adierazi du.