Zumarraga itxita egongo da eta Urretxu zabalik
Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa Zumarragan egingo da, astelehenean. Erlojuaren aurkako proba denez, Zumarragako kale gehienak trafikoari itxita egongo dira. 12:00etan hasiko dira ixten eta 13:00etatik 18:00etara itxita egongo dira.
Urretxuko kaleak, ordea, zabalik egongo dira eta ez da aparkalekurik kenduko. Irimo-Sarralde zatia bakarrik moztuko da, baina autoak Mugitegitik joan ahal izango dira. Urretxura Matxinportatik sartu beharko dira, Zumarragako geltokiko sarrera eta Areizaga-Kalebarren plaza itxita egongo baitira. Urretxutik atera nahi dutenek, Ipeñarrieta-Mugitegitik eta Matxinportatik egin ahal izango dute.
Ipeñarrieta-Mugitegitik irteten direnak Beasain-Bergara errepidera joan beharko dira eta handik Bergara, Beasain edo Azkoitira jo ahal izango dute. Azkoitiko saihesbidea zabalik egongo da. Urretxuko Udalak Mugitegiko kamioilariei lanak 12:30erako bukatzea gomendatu die.
Bidegorria itxita egongo da Areizaga-Kalebarrenetik Galeperrako zubira arte, lasterketako motoentzako erabiliko baita.
Zumarragan oinezkoak arazorik gabe mugitu ahal izango dira. Zebrabide bakar bat egongo da itxita: Urbe parekoa.