Ane Zuazubiskar arrasatear bertsolariak irabazi du Zaldibian Osinberde saria
Epaileen puntuazioz txapeldun izateaz gain, entzuleen botoz ere saria jaso du. Zuazubiskarrekin batera, Oier Etxeberria azpeitiar gaztea sailkatu da Osinaldera. Bertso-giro bikaina sortu da
Osinberde kultur elkarteko jantokia entzulez gainezka zela, larunbat gauean jokatu zen Zaldibian VII. Osinberde Bertso Sariketa. Ane Zuazubiskar 22 urteko arrasatearrak irabazi du. Epaimahaiko lau adituen puntu gehien berak batu zituen. Bigarren Oier Etxeberria azpeitiarrak egin du, eta, horrenbestez, bi bertsolari horiek sailkatu dira Gabiriako Osinalde sariketarako (apirilaren 27an).
Bi bertsolari horiekin batera, Ane Beloki legazpiarra, Markel Eizagirre zarauztarra, Andoni Mujika urnietarra eta Unai Anda murgiarra aritu ziren Osinberden bertsotan, Joxi Irastortzak aurkeztutako saioan. Saio gipuzkoarra nabarmen.
Zaldibia TBk egindako bideoa
Epaileen ustez bakarrik ez, entzuleen iritziz ere Ane Zuazubiskar izan zen gaueko onena, eta entzuleen garaikurra ere berak irabazi du. Antolakuntza taldeko Jon Ordozgoitik eman zion irabazlearen garaikurra, eta Joxepane tabernako arduradun Josebe Esnaolak entzuleen izeneko zurezko taila-eskultura.
Bertsolari guztiei, bestetik, Patxi Iraolaren Naizen apurra liburua eta harrizko oroigarri bana oparitu zieten antolakuntzako Urtzi Garmendiak eta Orkatz Gorrotxategik.
Afaritan 55 lagun izan ziren, eta saioa entzutera gehiago sartu ziren ondoren. Denera, 70 bat lagunek bertso-giro beroa jarri zuten Osinberden.
Lau bertsolari jada
Osinberdeko Zuazubiskarrez eta Etxeberriaz gain, Argi-Berritik martxoaren 30ean sailkatuta daude Danel Olano eta Eli Pagola ere, Osinalderako. Aztirian da azken kanporaketa, zapatuan.