Antio goiko mikromundua
Antioko malda pikoan kokatu diren ikusleek, argazkilariek, telebista kamerariek, antolatzaileek eta pasaeran ibili diren txirrindulariek, moto gidariek zein autoetako taldeko kideek mundu txiki bat osatu dute.
Erlojupekoa hasi aurretik, txirrindulariek bizikleta gainean egin zuten ibilbidea oinez eginda, Eitzagatik igota Urruti baserri ondoko lehenengo bihurgunean hiru ikusle zeuden. Ogitartekoa jaten ari ziren, txirrindularien zain, euripean. Izan ere, proba hasi aurretik euria goian behean bota zuen, tartean atertu zuen eta eguzki izpiren bat ere atera zen laino artetik. Errepideko zorua, alabaina, ez zen lehortu.
Bidean gora jarraituz gero ikasle kuadrilla bat, furgonetako toldoaren babesean, mokadutxoa jaten ari zen eta erlojuaren aurkako probako azken txirrindularia ondotik pasatzen ikusi arte bertan egongo zirela adierazi zuten. Furgoneta barruan telebista konektatuta zuten; teknologia irakaslearen kontua izan zela zioten.
Antiora iritsita gizon baten aterkitik zintzilik Alemaniako bandera ikusita, harengana joan eta erretiroa hartuta, emaztearekin autokarabanarekin zebilela kontatu zuen, «itzulitik itzulira gabiltza». Bakoitzak bere bizikleta daramala erantsi zuen eta berea Orbea bat dela.
Konturatzerako proba hasi eta lehenengo txirrindularia, zaleen txaloen artean Antioko gailurra jo zuen. Hala 161 txirrindulari pasa ziren eta zaleak ugaritzen joan ziren Antioko malda estuaren ertzetan. Orain lau urte igoeraren estuak sortutako trabak saihesteko korridorea sokaz hesituta egon zen. Halaber, erlojupekoa izanda, txirrindulariak bakarka pasa ziren, asko jota binaka atzekoak aurrekoa atzeman zuenean.
Txirrindulari bakar batek jarri behar izan zuen oina zoruan aldaparekin ezinda. Zaleak bereziki animatu zuten. Erori ere, txirrindulari bakar bat erori zen Antioko aldapa igotzen ari zela. Sigi-sagan igotzen ari zen eta bizikleta ezin izan zuen kontrolatu. Ez zuen, halere, minik hartu.
Motor batek, halaber, ezbehar txiki bat izan eta erori egin zen, seguruenik errepidea bustita zegoelako, zaleek motorra altxatzen lagundu zieten pilotuari eta kopilotuari eta igotzen ari zen txirrindularia iritsi aurretik kendu zuten bidetik; ez zuen, horrenbestez, trabarik sortu.
Bandera eskuetan
Bestelakoan ez zen inolako gertakaririk egon. Azpimarratzekoa da Itzuliaren antolatzaileetako baten rola. Maldaren goian bandera bat eskuetan zuela norabidea adierazten zuen gizonaren lana ez zen, inondik ere, nolanahikoa izan. Norabidea adieraztea bere egiteko errazena izan zen, zailagoa baitzen ikusleak etengabean ohartaraztea. «Kontuz oinarekin», lelotegi baten moduan errepikatu zuen. Eta arrazoi guztia zuen, ikusleak, sarriegi, lasterketaren trazatuarekin konturatu gabe, leku arriskutsuetan kokatzen zirelako. Batzuk kasu egiten zioten, beste batzuk ez hainbeste.
Sinesgaitzak ziren, bestalde, txirrindularien atzetik zihoazen autoek egindako igoerak. Gurpil bat edo beste erre zuten gidariak, esku bakarra bolantean, aurrean zuten txirrindulariarekin hitz egiten zuten bitartean.
Han elkartu ziren argazkilari askok Itzuli osoa egingo dute eta haien arteko harremana bistakoa zen, txantxa eta guzti.
Antioko gailurra jotzeko aldapa pikoaren goian elkartu ziren zaleak, argazkilariak, telebista kamerariak, antolakuntzako kideak, txirrindularien lagunak Gernikatik ere iritsita eta txirrindulari afizionatuak Etxeondo enpresako langileak barne. Giroa, Antion, eguzki izpiak ateratzeraino berotu zen eta litekeena da txirrindulariek zaleek beste gozatu izana.