Azkenean, Schachmann
Maximiliam Schachmann alemaniarrak irabazi du Zumarragan jokatu den Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa. Ion Izagirre ormaiztegiarra izan da euskaldun onena, 22 segundora
Mundu guztiak Alaphilippe eta Izagirre anaiak zituen faborito bezala, eta azkenean ia inork espero ez zuen gizon batek irabazi du Zumarragan eta erlojuaren aurka jokatu den Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa: Bora taldeko Maximilian Schachmann alemaniarrak. Bigarren postuan Education First taldeko Martinez Poveda kolonbiarra sailkatu da, 9 segundora, eta hirugarren Sky taldeko Michal Kwiatkowski poloniarra, 10 segundora. Alaphilippe laugarren izan da, 12 segundora, eta Ion Izagirre zazpigarren, 22 segundora.
Schachmann-ek ez du oraindik Alaphilippe eta Izagirretarren izena, baina ez da edonor. Bi aldiz izan zen hirugarren 23 urte azpikoen munduko erlojupeko txapelketan eta iaz Giroko, Kataluniako Voltako eta Alemaniako Itzuliko etapa bana irabazi zuen. Aurten Voltako etapa bat ere irabazi du.
Ion Izagirreren iritzia
Goierritarrei dagokienez, espero zen bezala, onena Ion Izagirre izan zen. 12 segundo galdu zituen Kwiatkowskirekin, 10 Alaphilippe-rekin eta 6 Adam Yates-ekin. Ez zegoen gustura. «Bagenekien aldeak egongo zirela eta hala izan da. Ea zer gertatzen den hurrengo egunetan. Egunez egun joango gara».
Une batzuetan euria egin zuen, errepidea ez zen erabat lehortu eta ez erortzea garrantzitsua zen. «Euri egun hauetan erorketa arriskua handiagoa izaten da, baina nik zortea izan dut, errepidea lehortzen ari zenean atera bainaiz. Horrek ematen dit pena: aukera hori nahi bezain ondo baliatu ez izana».
Izagirreren ustez, ez da sorpresa Schachmann-ek irabaztea. «Bagenekien erlojuaren aurkako probetan oso ondo moldatzen dela. Beharbada erlojupeko hau ez zen berarentzat egokiena, Antio igo beharra baitzegoen, baina argi gelditu da oso indartsu dagoela. Voltatik pedal kolpe onarekin etorri da. Bera ere gertutik jarraitu beharko dugu».
Bigarren goierritar onena Gorka Izagirre izan zen. 24. postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 49 segundora. Erlojupekoaren diseinua ez zuen oso gustukoa eta helmugan iritzi berekoa zen. «Ez da oso erlojupeko gustagarria izan, inorentzat. Egin dugu eta kito».
Berak eta bere anaiak ez zutela bizikletaz aldatuko esan zuten eta, nahiz eta euria egiteak iritzia aldatzea ekarri zezakeen, hitza bete zuten. «Hasieran ez genuen bizikleta aldatzeko asmorik, baina atzo (igandean) zalantzak azaldu ziren. Azken unera arte zalantzan egon gara eta azkenean ez aldatzea erabaki dugu. Ez dakit besteek zer egin duten, baina asmatu dugula uste dut», esan zuen.
Alex Aranburu ezkiotarra 56. postuan sailkatu zen, irabazlearengandik minutu eta 13 segundora. Bi hilabete lesionatuta eman ondoren, duela bi aste hasi zen lehiatzen. Atzo lan ona egin zuela esan daiteke, beraz. «Nahiko bizi atera naiz, erlojuaren aurkako probetan erabiltzen dugun bizikletarekin. Aldapa hasieran indarrak neurtu ditut eta amaieran topera joan naiz».
Antiotik oso gertu bizi da eta zaleek indar bereziarekin animatu zuten. «Aurreko egunetan pintadak eta kartelak jarri dituzte toki guztietan eta gaur familiakoak, lagunak… animatzera etorri dira. Beraien animoak igarri ditut. Zalantza askorekin etorri naiz, ez baitut nahi bezainbeste entrenatzerik izan, baina taldekideei laguntzen saiatuko naiz».
Zaleei eskerrak
Gari Bravo lazkaotarra ez da erlojuaren aurkako espezialista, baina lan txukuna egitea lortu zuen. 82. postuan sailkatu zen, irabazlearengandik minutu eta 32 segundora. Gustura ageri zen helmugan. «Oso gustura aritu naiz, errepidea arriskutsua zegoen arren. Baina tira, denontzat zegoen arriskutsu».
Eitzako igoera hasten zen tokian, aurreratu zuen moduan, erlojupekoetan erabiltzen duen bizikleta utzi eta arrunta hartu zuen. «Errepideko bizikletarekin gusturago joan naiz aldapa gora. Aldaketa horri esker, aurrekoari segundoak jan dizkiot. Bizikleta aldatzea erabaki zuzena izan da. Asmatu egin dut. Antioko jaitsiera bustita zegoen eta erlojupekoetan erabiltzen dudan bizikletarekin baino gusturago jaitsi naiz: seguruago sentitu naiz».
Egindako denborarekin gustura zegoen. «Mikel Landak 25-30 segundo atera dizkit. Beraz, ezin naiz kexatu». Zaleen animoek bere zangoei indarra eman zieten. «Sekulako giroa zegoen. Antiotik gora hanketako mina erabat joan zait. Nire izena mila aldiz entzun dut. Gozamena izan da zuen artean hemen egotea».