Iñaki Azanza ordiziar txirrindularitza argazkilariari lapurreta egin diote indarkeria erabiliz
Ordiziako Buztuntza auzoko etxera zihoala egin zioten eraso bi lagunek, atzo iluntzean. Ertzaintzak uste du Euskal Herriko Itzuliko Estibalizko prentsa gunetik etxeraino jarraipena egin ziotela erasotzaileek argazkilaritza tresnak lapurtzeko helburuz
Iñaki Azanza ordiziar argazkilaria susto ederra hartuta dago atzo iluntzean. Albiste agentziek zabaldu dutenaren arabera, Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapan argazkilari lanetan aritu ondoren, Estibaliztik (Araba) Ordiziako Buztuntza auzoan duen etxera inguratu zen iluntzean –berez Bilbon bizi da–, eta autotik atera eta berehala bi lagunek eraso egin zioten, lepotik zintzilik zeraman teleobjektibo bat lapurtuz (3.000 euroko baliokoa).
“Horietako batek lepoa estutu zidan, eta itolarri batean utzi ninduen”, adierazi die albiste agentziei argazkilariak. Lurrera bota zutela ere nabarmendu du, baina argazki kamerak eta gainerako tresnak zituen motxila ez lapurtzea eragotzi zuen (15.000-18.000 euroko balioa). Ertzaintzak uste du Estibalizko prentsa gunetik etxeraino jarraipena egin ziotela erasotzaileek autoan zeraman akreditazio txartela ikusi ondoren.
Antsietateak jota ere egon zen une batean, eta Beasaingo Osasun zentroan egin zioten mediku azterketa –lepo ingurua du minduta–. “Atzo ez nuen Itzulira joateko asmorik, baina gaur hobetu esnatu naiz eta Arrigorriaga joango naiz argazki batzuk egitera”, adierazi die goizean Azanzak berri agentziei. Ordiziar argazkilaria Bicicilismo webgunearentzat ari da txirrindularitza argazkiak ateratzen Itzulian, eta www.zikliamatore.com ziklismo argazkien gune propioa ere kudeatzen du. Webgune horretan ikus daitezke egunotan Itzulian ateratako argazkiak.
Era berean, Iñaki Azanzak jakinarazi du astearteko etapan, Gorraitzen (Nafarroa), argazkilari ingles bati egin ziotela lapurreta autoko kristalak apurtu eta barruan zituen argazkilaritza tresna guztiak ostuz.