Lanaren ondorioz produktu berrien ilusioa agerian
Udaberriko ziza ugaritzen ari da poliki-poliki, eta lehen patata berri gutxi batzuk ikusi dira atzoko ferian. Erramu adarrekin batera, garaian garaiko marka nabarmenenak dira.
A pirilak berezkoa du eguraldi nahasiaren fama, halaxe doa hilabetea.Trumoi, eguzki eta euri, «donario ederren bota du, gozo-gozo, lurrak hartzeko moduan».
Atzo feria giroak negutik gehiago zuen arren, udaberri seinale asko agertu zituen. Ederra da ikustea zein ilusiorekin aurkezten dituzten ekoizleek produktu berriak, ondo zaindu eta lan askoren ondorioz lortutako lanaren emaitzaren poza antzematen zaie. Atzo halaxe sumatu genuen Kontxi Arizaga: «Segidan, goizean goiz saldu ditut lehen patata berriak, ilarrak eta babak». Eta ez da gutxiagorako: «Denak aire librekoak dira», garaiz izatea zailago gainera. Aldi berean, aparteko estimazioa izaten dute eta baloratzen dakitenentzako zain-zain egon ondorengo satisfazioa hor da. Aste honetakoak ez ezik, datorren as- terako gordetzeko eskea ere izan zuen.
Oraindik kilo gutxi ziren, beraz ezin esan denboraldi betean gaudenik: patata berria 3 euroan kiloa, ilarra 12 eta 13 euro artean kiloa merkatu da pixka bat, eta babak, 5 euroan dirau kiloak.
Aipatzekoa da tokian tokiko produktu batzuekiko dagoen zaletasuna, ohitura eta, ondorioz, prezioa. Donibane Lohizuneko merkatuan aste honetan negutegiko patata 5 euroan zen salgai kiloa, inor harritu ez zuen prezioa. Aldiz, sinestezina zaie ilarra nola hain garesti saldu daitekeen hemen, han kiloa 5-6 euro baino gehiago inor ordaintzeko prest ez legokeela esanez. Baba da bietan ere neurri bertsuan salgai.
Udaberriko zizak ugaritzen
Garai honetan, ziza kilo mordoxka handik eta hemendik inguratzea ez da hain harritzekoa izaten. Aurten oraindik ez da kolpe handirik sumatu. Atzo ere inguruko eta Nafarroako biltzaile batzuk ekarritakoa batu, eta 5 bat kilo izan ziren guztira. Prezioa bere gorenean da oraindik, kiloa 150 euroan.
Kanpoko onddo batzuk ere salgai ziren, 15-32 euro artean, 100 bat kilo, Lasatarren mahaian.
Tomatea, landare batetik bi
Landare postuetan eskaintza handitzen ari da, geroz eta piper eta tomate mota gehiago esate baterako.
Landare bat azpimarratzekotan, «batetik bi datozenekoa», Patxi Izagirreren eta Arantxa Iparragirreren hitzetan. Multifort tomateari bi Jack mentu txertatzen zaizkio, «hala, landare sendoa eta tomate fruitu ederrekoa lortzen da. Tokia behar du, bata eta bestearen artean metro bateko distantzian aldatu behar da». Bakoitza 2 euroan zuten salgai.
Erramu adarrak
Erramu adarrak era baziren, Erramu igandearen iragarle eta aste honetako marka. Adar txikiak eta ederrak, bezero finenei eskainiz edo 0,2- 4 euro artean salgai. Igande honetakoa ez ezik, bi asteazken barru izango den Artzain eguneko feria berezia hurbiltzen ari denaren marka dira.