Lehen lekukoa, urretxuar batek
Mirian Redin urretxuarrak lehen kilometroan eraman zuen lekukoa. Adiotzen bizi da, Gares ondoan, eta irteeraren antolaketan parte hartu du. 22 urte daramatza bertan eta euskararen egoera asko hobetu dela dio.
Urretxuarrek eta zumarragarrek edozein tokira zoazela legazpiar bat aurkituko duzula esaten dute, baina urretxuarrak ere toki guztietan ageri dira: Korrika Garesetik abiatu zen eta lehen kilometroan lekukoa eraman zutenen artean urretxuar bat zegoen: Miriam Redin.
Urretxuar honen aita Gares ondoko herri batekoa da, Muruzabalekoa, eta oporrak bertan igarotzen zituzten. Adiotzeko mutil batekin ezkondu zen eta, duela 22 urtetik, bertan bizi da. Ile apaintzaile ikasketak egin zituen eta Obanosen ile apaindegi bat du. Bi seme-alaba ditu: Julen, 17 urtekoa eta Naroa, 14 urtekoa.
Muruzabal, Obanos, Adiotz eta Gares Izarbeibar haranean daude, beste herri batzuekin batera. Korrikaren lehen kilometroan herri bakoitzeko ordezkari batek eraman zuen lekukoa eta urretxuarra Adiotzeko ordezkaria izan zen, bera izan baita Korrikaren koordinatzailea Adiotzen.
Azken urteotan euskarak nabarmen egin du aurrera Izarbeibarren Mirian Redinek dioenez. «Ni etorri nintzenetik, egoera asko aldatu da. Haurrak Gareseko ikastetxera joaten dira eta gaur egun askok eta askok D ereduan ikasten dute. Lehen erdiak ere ez zuen D ereduan ikasten. Egun, Gareseko kaleetan euskara entzuten da. Duela urte gutxi batzuk arte, apenas entzuten zen euskara. Adiotz duela gutxi sartu zen zonalde mistoan. Gares lehenagotik dago».
Redin oso pozik dago Izarbeibarren ematen ari den aldaketarekin. «Hona etorri nintzenean, euskara galduko nuela uste nuen. Izan ere, nire seme-alabekin bakarrik hitz egiten nuen. Ez nuen beste inorekin hitz egiteko aukerarik. Korrikaren antolaketan parte hartu dugunok hilean behin edo bitan elkartzen gara euskaraz hitz egiteko. Bestela, hemen zaila da oraindik beste heldu batzuekin euskaraz egitea. Gainera, D ereduan ikasi duten haurrei asko kostatzen zaie kalean euskaraz egitea».
«Ni etorri nintzenetik, egoera asko aldatu da (…)
Egun, Gareseko kaleetan euskara entzuten da»
«Oso lan talde polita osatu dugu. Eta irteera
izugarria izan zen. Gozamen hutsa»
Mirian Redin (Korrikaren lekukoa eraman duen urretxuarra)
Gogor lan egiten ari dira Izarbeibar euskalduntzeko. «Urtero, ekainean, Euskararen Eguna ospatzen dugu. Herri guztietako jendea elkartzen gara. Lan asko dugu oraindik egiteko eta lanean jarraituko dugu».
Korrika Garesetik irtengo zela jakin zutenean, poz handia hartu zuten. Are gehiago poztu ziren oraindik, herri txikiek ere irteeran parte hartuko zutela esan zietenean. «Gares inguruko herri handiena da eta, halakoetan gertatzen den moduan, ia dena herri handiak hartzen du. Irteeran parte hartzea eskaini zigutenean, poz handia hartu genuen».
Irteera hunkigarria
Gogor lan egin behar izan dute, baina oso gustura aritu dira. «Oso lan talde polita osatu dugu. Eta irteera izugarria izan zen. Gozamen hutsa. Jende asko elkartu zen, sekulako giroa egon zen… Agertokira igo eta plaza jendez gainezka ikusi nuenean, asko hunkitu nintzen. Mundu guztia Korrika, Korrika! garrasika… Une hori ez dut sekula ahaztuko».
Urretxuko eta Zumarragako lagun guztiek zoriondu zuten. «Ikastolan ikaskide izan nituen guztiek mezuak bidali zizkidaten. Gutxitan joaten naiz Urretxura eta Zumarragara, gurasoak askotan etortzen baitira hona. Izan ere, Muruzabalen etxea dute».
Goierritarrei Izarbeibarrera joateko gonbita luzatu die. «Gares, adibidez, oso herri polita da. Zubi zaharra oso ezaguna da. Zirauki ere oso herri polita da. Urretxuko eta Zumarragako jende asko etortzen da bertara, ardo bila. Ermita ikusgarriak ere baditugu. Obanosera gipuzkoar asko etortzen dira udan».