Maita dezagun ondo tokikoa
Maita dezagun ondo lelopean ezkutuko kanpaina egin dugu hilabetez, maite gaituzuen horiek ondo maitatzeko urratsa eman eta HITZAkideak egiteko helburu sendoarekin.
Argi genion ikus-entzunezkoan: asko maitatu baino, maita dezagun ondo. Dagoeneko egileoi aurpegi jarri diezaiokezue; gu guztiok baikaude ikus-entzunezkoaren atzean: Irutxuloko Hitza, Oarsoaldeko Hitza, Lea-Artibai, Mutrikuko eta Busturialdeko Hitza, Urola-Kostako Hitza eta Goierriko Hitza.
Ondo maitatzearen aldeko aldarria egiten genuen, bai. Asko maitatzea, izatekotan, kuantitatiboki izan daiteke aberatsa. Miren Amurizak honela zioen Berria-n 2016ko azaroan: “Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz kontua ez da zenbat, baizik zelan.”
Ohartzen gara askok eta askok, asko maite gaituzuela: gure aldeko aldarria egiten duzue 160 karakteretan, estimatzen duzue festen kontakizuna argazkitan egitea, gustuko duzue kalean gurutzatzen duzuen bizilagunaren iritzia gure orrietara ekartzea, parte zareten elkartearen berri ematea, herriko kontuen berri izatea… maitatuak sentitzen gara. Datuek hori diote: bataz beste 5.000 bisitaldi dituzte eguneko gure webguneek.
“Ondo maitatzeko modurik zintzoena Hitzakide egitea da, gure aterpean ostatu hartzea”
Baina asko maitatzetik ondo maitatzerako urratsa ez duzue maite gaituzuen guztiok egiten. Amurizak argi zion: “Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea…” Bada, eman urratsa eta zaindu gaitzazue.
Maita gaitzazue ondo, egin HITZAkide!
Ondo maitatzeko modurik zintzoena HITZAkide egitea da, gure aterpean ostatu hartzea. Guk, ordainetan, tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik kontatzeko konpromisoari heldu eta bertako edukia hainbat euskarritan emango dizuegu: paperean, izan egunkarian edota aldizkarian; eta internet bidez, webgunean eta sare sozialetan argitaratuta. Bertako informazioa modu gertukoan jaso nahi baduzu, eman urratsa eta egin zaitez HITZAkide.
Horretarako hiru bide daude eta horietatik bi, norbanako erabiltzaileei zuzenduta daude. HITZAkide figurak Interneteko kontsumitzaileak hartzen ditu kontuan:
- HITZAkidea: 50 euro urtean ordainduta, prentsa eskaintza osoa PDFan eskuratu eta albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jarri ahal izango duzu, HITZAkide txartela izango duzu (zozketetan parte hartzeko eta deskontuak lortzeko) eta, nola ez, proiektua indartzen lagunduko duzu.
Baina Internetez ez ezik, papereko irakurlearentzako ere badago eskaintza:
- HITZAkide harpideduna: Papereko prentsa eskaintza osoa etxean jasoko duzu eta gure webgunean PDF formatuan, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jarri ahal izango duzu, HITZAkide txartela izango duzu –zozketak eta deskontuak-, eta nola ez, proiektua indartzen lagunduko duzu.
Bi aukera horiez gain, herriko merkatari eta ostalariei begirako eskaintza ere badu HITZAkidek:
- HITZAkide iragarlea: Prentsa eskaintza osoa etxean jasoko duzu eta gure webgunean PDF formatuan eskuratu ahal izango duzu, publizitaterako tratu bereziak egingo ditugu, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, HITZAkide txartela izango duzu eta proiektua indartzen lagunduko duzu.
Bertako produktuen zozketaren irabazleak:
Horrez gain, aipatu, ‘Maita dezagun ondo’ kanpainan zehar hiru zozketa izan ditugula martxan maitadezagunondo.eus webgunean. Bertako produktuak jarri ditugu zozketan eta sari horien irabazleak ondorengoak izan dira:
- Lehenengo saria: Avelina Mauleon, Etxarri Aranatz (Zuberoan otordua, Orduña Spa eta Iztueta otarra)
- Bigarren saria: Nerea Urdangarin, Orio (Gandariasen otordua, Areatza Spa eta Lakari saskia)
- Hirugarren saria: Haizea Bernedo, Ondarroa (Mahala saskia)