Saharako haurrak udan hartzeko 30 harrera familia behar dira Gipuzkoan
Udako bi hilabeteetan 10-12 urte bitarteko haurrak basamortuko baldintza gogorretatik ateratzea da helburua. Segurako Telleria-Muñoa familiara hirugarren urtez etorriko da Manna
Dagoeneko 40 urte dira Oporrak bakean programaren barruan, Saharako basamortuan dauden errefuxiatu kanpamentuetatik Euskal Herrira lehen saharar taldea uda pasatzera etorri zela Gipuzkoara 1986an. Hasieran, aterpetxeetan hartzen zituzten haurrak, eta 1994-1995 ikasturtean, harrera familietan jasotzen hasi ziren, familia giroan egon zitezen. Elisabet Eizagirreren esanetan, «urgentziazko programa bat bezala sortu zen, eta gure betiko nahia da aurten azkeneko programa izatea. Aurten etorri behar duten haurrak etorri daitezela, eta hurrengo urtean gu joan gaitezela Mendebaldeko Saharara oporrak pasatzera».
Goierri behera iaz bi haur etorri ziren bat Segurara eta bestea Beasainera eta aurten errepikatu egingo dute. Baina iazko haur kopuru berdina ekarri ahal izateko, Gipuzkoan 30 harrera familia gehiago behar dira oraindik. Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian izenburupean kanpaina ari dira burutzen, «horixe baita sortzen den sentipena». Gero eta harrera gutxiago daudenez, aurten 10-12 urteko haurrak etorriko dira Euskal Herrira.
Haur horiek basamortutik ateratzea garrantzitsua da, arrazoi ugarigatik: batetik, egunez, itzalean, 55-63 gradu artean izaten dituztelako Saharako basamortuan, «eta daukaten itzal bakarra, adobezko etxea eta haima delako». Bestalde, ur eskasia handia izaten dute, eta ia haur guztiek anemia daukate. «Hona etortzen diren haurrek, egunean bost otordu janda eta elikadura orekatua mantenduta, anemia hori kentzea lortzen dute eta negurako nahikoa bitamina jasotzen dituzte».
Seguran, Manna
Segurako Ibai Telleria eta Maitane Muñoaren etxera hirugarren urtez etorriko da Manna. Abuztuan, 12 urte beteko ditu eta azkeneko aldiz etorriko da. Telleriaren esanetan, Segurako haur bat gehiago izaten da Manna udan, haurrentzako antolatutako ekintzetan parte hartzen baitu; euskaraz ikasi du gainera. Medikuengana eramatea izaten da harrera familiaren arduretako bat, eta horrekin batera, elikadura osasuntsuak ematea. «Erabat indarberrituta joaten dira». Era berean, Muñoa oso esker oneko dago, segurarrek ematen dien laguntzagatik.
Mannarekin bizitzen duten esperientzia oso aberatsa dela diotenez, Goierriko familiak animatu nahi dituzte programan parte hartzera. Interesak duenak, beraiekin harremanetan jartzeko eskatu dute (690 788 320 – 669 173 605). Hilaren 15a da izena emateko azken eguna.