Xabier Zalduak 5 Kirol lehiaketan parte hartuko du bihar
Aizkolari zumarragarrak Basque Sports etxeak antolatutako 5 Kirolen lehiaketako kanporaketan parte hartuko du bihar, Bilboko finala jomugan duela.
Xabier Zaldua zumarragarrak Basque Sports enpresak antolatu duen 5 Kirol lehiaketan parte hartuko du bihar, Jesus Mari Izeta harri jasotzailearekin. Aitzol Atutxa aizkolariaren eta Inhar Urruzunoren aurka lehiatuko dira.
Lehiaketa honetan aizkolari eta harri jasotzaile batek osatutako lau bikote parte hartzen ari dira. Hasteko, harri jasotzaileak 100 kiloko kopa altxatu behar du eta aizkolariak 45 ontzako hiru enbor ebaki behar ditu, lau aldiz bakoitzak. Ondoren, 12 plaza egin behar dituzte txingekin eta 150 ukitu ingudearekin eta 45 ontzako 10 enbor ebaki behar dituzte. Azkeneko hiru proba horiek txanda librean egin behar dituzte.
Lehen kanporaketa larunbatean jokatu zen, Marurin. Arria V.a eta Eizmendi, Larrañaga eta Peñari nagusitu zitzaizkien. Larunbatean Gatikan, Zaldua eta Jesus Mari Izeta, Atutxa eta Inhar Urruzunoren aurka arituko dira. Lehia 12:00etan hasiko da. Finala maiatzaren 1ean jokatuko da, Bilboko Miribillan.
Zalduari Euskal Herriko aizkolari onenaren aurka lehiatzea suertatu zaio, baina ez da beldur. «Errespetua bai, baina beldurrik ez».
Kataolatzaren lana
Zumarragarra ez dago sasoi betean, bere helburu nagusia Kataolatzaren Lana baita. Kataolatza Azkoitiko kirolariak 125eko kubikoa 25 aldiz altxatu zuen, sei oinbiko ebaki zituen eta sei kilometro egin zituen korrika. Arria II.ak egindako marka (75 minutu eta 32 segundo) hausten saiatuko da Zaldua. Desafioa maiatzean izango da, Azpeitiko zezen plazan.