Ion Izagirrek irabazi du Euskal Herriko Itzulia
Dan Martin irlandarra sailkatu da bigarren, eta Jakob Fulgsang danimarkarra hirugarren. Hunkituta azaldu da ormaiztegiarra garaipenarekin, eta taldeari eta uztailean jaiotzekoa den alabari eskaini dio txapela. Iban Mayo da Itzulia irabazitako aurreko euskalduna, 2003an.
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) irabazi du Euskal Herriko 59. Txirrindularitza Itzulia. Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan irabazitako etapekin batera, Izagirreren kirol bizitzako garaipenik garrantzitsuena izan da gaurkoa. 2015ean, 2017an eta 2018an sailkapen nagusiko hirugarren bukatu eta gero, txikitako ametsa bete du Astana taldeko ormaiztegiarrak, Euskal Herriko ziklismo proba gorenean podiumeko koska gorenean izatea. Daniel Martin irlandarra sailkatu da bigarren, eta Jakob Fulgsang danimarkarra hirugarren. Euskal txirrindularitzari kostatzen ari zitzaion garaipena izan da gainera, Iban Mayo igorreztarra izan baitzen Itzulia irabazten azken euskalduna, 2003an.
Artean hunkituta zegoela, honako adierazpenak egin ditu: “Beti nahi izaten dugu irabazi, eta etxeko lasterketa bada gehiago. Taldeari eta etorkizunean datorren alabari eskaintzen diot garaipena. Aurten taldea aldatu dut, txipa ere bai, eta horrela jarrai dezala”. Denboraldi bikaina osatzen ari da Ion Izagirre. Aurten Valentziako Itzuliko sailkapen nagusia eta Paris-Nizako azken etapa irabazi ditu.
Gorka Izagirre anaiaren besarkada ere jaso du irabazleak Eibarko helmuga gurutzatu berritan. “Izugarria izan da gaurkoa. Ez zen batere erraza, Bora oso indartsu ikusten genuen, baina ibilbidea ezagutzen genuen, eta urrutitik jo beharra zegoen. Garaipen hau ospatu beharra dago, baina asko ere ez, Udaberriko Klasikoak datoz eta”.
Euskal Herriko 59. Itzulia Zumarragan hasi zen joan den astelehenean, Antioko igoera zuen erlojupeko batekin, eta astearte eguerdian agurtu zuen Goierri Lizarrustitik barrena.
Azurkin gora hautsi
Eibarren hasi eta bukatu da 2019ko Itzuliko seigarren eta azken etapa, 118,2 kilometrokoa. Emanuel Buchmann (Bora Hansgrohe) txirrindulari alemaniarra abiatu da gaur Eibarren liderraren elastiko horiarekin, Izagirre bigarren sailkatuari 54 segundoko aldea atereaz. Buchmannek etapa eta lidergoa hartu zituen atzo Arraten irabazita, baina gaur ezin izan dio aurre egin Astanak egindako talde estrategiari.
Izagirreren taldekide Fulgsang danimarkarrak Azurkin gora erasoa jo ondoren hautsi da lasterketa. Buchmannek ezin izan dio pedal kolpeari jarraitu, eta boskote bat geratu da sailkapen buru: Fulgsang bera, Ion Izagirre, Adam Yates (Michelton-Scott), eta UAD Emirateseko Martin eta Tadel Pogacar. Karabietako gaina liderrarengatik ia 2 minutu aldearekin pasa dute, eta Asentziora bidean aldeari eutsi diote. Asentzioko azken gaina igaro ondoren, Eibarrera jaistea bakarrik falta zen.
Sailkapen nagusia eskura zuen Izagirrek, baina etapa ere jokoan zegoen. Azken kilometroan Yatesek erasoa du, eta Eibarko helmugan besoak jasotzea lortu du. Segundo batera sartu dira Martin (2.), Fulgsang (3.) eta Izagirre (4.). Buchmann ere indar betean aritu da azken kilometroetan podiumean izateko ahaleginean, baina azkenean 4. bukatu du sailkapen nagusia.
SAILKAPEN NAGUSIA. EH-KO 59. ITZULIA
- Ion Izagirre (Astana)…………………….19:24:09
- Daniel Martin (UAD)………………………….29ra
- Jakob Fuglsang (Astana)…………………….36ra
- Emanuel Buchman (Bora)…………………..43ra
- Adam Yates (Michelton)………………………51ra
- Tadej Pogacar (UAD)………………………..1:56ra
- Mikel Landa (Movistar)…………………….2:56ra
- Mikel Nieve (Michelton)………………….3:25era
- Patrick Konrad (Bora)………………………3:39ra
- Maximilian Schachmann (Bora)………..3:34ra