Chaimae Did Abon, Miren Munduate, Irakurle Taldea eta Asmube saritu ditu Beasaingo Udal Bibliotekak
'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpainaren baitan eta liburuaren nazioarteko egunean irakurle sutsuenak saritu ditu Beasaingo Udal Bibliotekak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/04/irakurleak_sariak20190423.jpg)
Gaur, Liburuaren nazioarteko egunean, banatu dituzte Beasaingo Udal bibliotekan Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan, irakurzaletasuna saritzen duten sariak. Honela, irakurzaletasunarekin batera, bibliotekako mailegutza zerbitzuaren erabilpena ere saritu nahi da.
Gehien mailegatu duten haurren arteab saritua Chaimae Did Abon Hicham izan da eta heldua, Miren Munduate Aranburu. Euskarazko eta gaztelerazko liburu sorta bat emateaz gain, Mirentxu liburu dendan liburuak erosteko 30 euroko txeke bana jaso dute.
Asmube eta Irakurle Taldea
Bestalde, herriko bi talde saritu dituzte irakurzaletasuna sustatzeko egiten duten lana eskertzeko asmoz. Beasaingo Irakurle Taldeak eta Asmubek oroigarri bana jaso dute.
Deskontu txartela
Maiatzaren 31a arte iraungo du Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina eta euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko opariak eta deskontuak izango dira aurten ere. Bibliotekan mailegatutako euskarazko liburu bat irakurri eta liburuari buruzko fitxa bat betetzen duenak, Mirentxu liburu-dendan liburuak erosteko %35ko deskontu txartela jasoko du. Horretaz aparte, hilabeteko parte hartzaileen artean 30€ko erosketa txekea zozketatuko da liburutegian.