Artzaintzari gorazarre gazta berria dastatuz
Ordiziako Artzain Egunak emango dio hasiera Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari. Aizpea Oihanederrek ebakiko du gazta. Aharien lehiaketa egingo da aurten berriz ere
Artzaintza, latxa ardia eta haietatik eratorritako produktuak goresteko sortu zuten Ordiziako Artzain Egunak 25. ekitaldia du aurten. Ordiziako aparteko azoken egutegiari hasiera ematen dion egun horretan bi irudi nabarmendu ohi dira; bata kalekoa, bestea atez barrukoa. Goiz erdian, 11:00ak aldera, Aralarren eta Aizkorri-Urbian larratzen duten bi milatik gora ardik zeharkatuko dute Ordiziako Kale Nagusia, eta hortik gutxira, udaletxeko areto nagusian, Idiazabal Gazta berriaren ebakiera ekitaldia egingo da.
Aurten, Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldari Aizpea Oihanederrek izango du ohore hori. Omendua, berriz, Jakitea elkartea izango da, betiko sukaldaritzaren eta Idiazabal Gaztaren zabalkundearen alde egiten duen lana aitortzeko. Elkarteko horretako lehendakariorde da Beasaingo Kattalin jatetxeko Juan Manuel Garmendia. Horrez gain, Idiazabal Jatorri Izendapenak eman ohi dituen gaztaren kalitate eta erregulartasun sariak ere banatuko dituzte.
Ahari lehiaketa berriz ere
Plaza Nagusian eta haren inguruan egingo den asteazkeneroko azokak esnatuko du gaurko eguna. Ohiko postuez gain, Goierriko produktuen eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarriko dira. Garagartza plaza izango da Artzain Eguneko beste eremu nagusia. 09:00etan hasita, 50 bat artzainen latxa arrazako aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da, 200 abelburu guztira. Aipagarria da, joan den urteko etenaldiaren ondoren, aurten lehiaketa berreskuratzeko urratsa egin dela. Latxa mutur-gorri zein mutur-beltzak izango dira ikusgai.
Gazta egiteko erakustaldia, mami dastaketa eta ile-mozte saioa ere izango da inguru horretan goiz-eguerdi partean. Goizean goizetik lanean ariko dena Karlos Ibarrondo elorrioarra izango da. Eusko Labeldun 40 arkume erreko ditu burruntzian, eta 11:30 aldera dastatu ahal izango dira pintxotan. Bildutako dirua Gipuzkoako Haur Minbizidunen Aspanogi Guraso Elkartearen izango da. Horrez gain, Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozatzeko aukera izango dute bisitariek bost jatetxetan.
Arzak eta lau saltsak
Eta joan den astetik D’elikatuzen ikusgai dagoen Arzak, mundu osoa 4 koloretan margotua erakusketa ere bisita dezakete Ordiziara gerturatzen direnek. Euskal sukaldaritza gainontzekoetatik bereizten dituen lau saltsak dira bildumaren oinarria: gorria, zuria, berdea eta beltza.
Erregulartasun eta kalitate sariak, goierritarrentzat
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak aurreko urteko kanpainari dagozkion gaztaren erregulartasun eta kalitate sariak banatzen ditu Ordiziako udaletxean egiten den ekitaldian. Aurten bi goierritar izango dira sarituak. Artzain-gaztagilearen atalean Joseba Insausti ordiziarrak jasoko du saria, eta gaztandegiaren atalean Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak.
Insaustik hirugarren aldiz jasoko du aitortza hori, Otatza izenpean ekoizten duen gaztarengatik. Aurrenekoa 2011. urtean izan zen, eta bigarrena 2013an. Lehen sari hark «ezustean» harrapatu zuen, eta bigarrenak are gehiago, oso tarte laburra baitzegoen batetik bestera. Ordiziarrak egindakoa da gaur ebakiko duten gazta.
Abel Goiburu eta Naroa Irigoienentzat, berriz, lehen aldia izango da. Goiburu gaztak izenpean ekoizten dute gazta. Domingo Goiburu aita zenaren langintzari heltzea erabaki zuten biek 2012. urtean, eta urte gutxiren buruan aitortza hau jasotzea sari handia da Idiazabalgo bikotearentzat.
Gaurko egitaraua
· Goiz osoan. Asteroko feriaz gain, gazta salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen postuak herrian zehar. Trikitilariek eta dultzaina jotzaileek alaituko dute giroa.
· 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Eusko Labela duen esne bildotsa burruntzian erreko da, Garagartza plazan.
· 11:00. Artaldeak (2.000 ardi buru) igaroko dira Ordiziako kasko historikoan barrena.
· 11:15. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxean. Aizpea Oihaneder Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldariak ebakiko du gazta berria. Aurretik, Jakitea elkarteari omenaldia egingo diote, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak ere emango dituzte. Ordiziako Joseba Insausti –artzain gaztagilea– eta Idiazabalgo Goiburu Gaztak dira sarituak.
· 11:30. Gazta nola egiten den ikusteko eta mamia dastatzeko aukera Garagartza plazan.
· 11:30. Eusko Labeldun esne bildotsa, burruntzian erreta, dastatzeko aukera. Bildutako dirua Aspanogi minbizia duten haurrenguraso elkartearen alde izango da.
· 12:15. Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.