Goiener 10.000ko langa igarota
Energia berriztagarria sortzeko eta merkaturatzeko kooperatibak 10.000 bazkideren muga gainditu du. Proiektuak «onarpen handia» izan du, eta sektorean egonkortu da
Goiener kooperatibak 10.000 bazkideren kopurua gainditu du. Apirilean pasatu du muga hori, eta balentriatzat hartu eta ospatu dute gertakaria. Energia berriztagarriak soilik sortzeko eta kontsumitzeko kooperatiba da Goiener. Goierrin sortu zuten, 2012an, 40 bazkideren artean. Gaur egun, 28 langile, bost bulego eta 120 boluntario ditu. Ordizian du egoitza nagusia.
Mugarritzat zuten hamar milako langa, eta masa soziala horrenbesteraino igo izana baloratu du Goienerrek: «Horrek erakusten du eredu energetikoa aldatzeko duela zazpi urte sortutako proiektuak onarpen handia duela gizartean, eta merkatu elektrikoaren sektore konplexuan egonkortzen jakin duela», iritzi dio kooperatibak, ohar batean.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Goiener, bestetik. Hala, energia kontsumo elkarte bezala funtzionatzeaz gain, beste zenbait jarduera ere burutzen ditu: argindar sortzaileak ordezkatzea, argindar berdea sortzea edo autokontsumoko instalazioei buruz aholkua ematea.
Hiru ardatzetan osatuta dago Goiener Taldea: kooperatiba (energia merkaturatzeko), Nafarkoop (sorkuntzarako) eta Goiener Elkartea (herritar boluntarioek osatua).
Etorkizuna, «itxaropentsu»
Giza ekarpena eta sustengua eskertu ditu Goienerren zuzendari Santiago Otxoa de Eribek: «Bilakaera hori ez litzateke posible izango pertsona askoren lanagatik eta energiagatik ez balitz. Eskerrak pertsona horiei guztiei, eta eredu jasangarri, justu, demokratiko eta parte-hartzaileago baten alde gugan konfiantza jarri duten guztiei».
Oinarri «sendoak» dituela nabarmendu du Goienerrek, eta «etorkizuna itxaropentsu» dakusa. Energiaren sektoreko aktibitatean jarraitzeaz gain,«kontzientziazio lanak» ere helburu izaten jarraituko duela gaineratu du. «Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna duen eta bere jardueraren erdigunean bizitza eta pertsonak jartzen dituen proiektu kooperatiboan urratsak egiten jarraituko dugu», azaldu du Goienerrek.