Hamahirugarrena hastear
Emaneurre taldeak 13. Eskupilota Txapelketa Herrikoia antolatu du Ordizian eta maiatzaren 10ean ekingo diote. Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 5era arte, ohiko lekuetan
Datorren maiatzaren 10ean hasiko da Ordiziako 13. Eskupilota Txapelketa Herrikoia, Emaneurre taldeak antolatuta. Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute, maiatzaren 5era arte.
Aurten 10. urteurrena du Emaneurrek eta beste behin ere eskupilota txapelketari ekiteko prest daude. Bikoteka jokatuko dute txapelketa eta aurrekoetan bezala, 30 bikote inguruk izena ematea espero dute.
Bikoteak multzoka egongo dira banatuta eta liga eran jokatuko dute, denek denen aurka. Gainera, bi fase izango ditu Ordizian bertan jokatuko den txapelketak. Maiatzaren 10etik ekainaren 7ra jokatuko da lehena. Bigarrena, berriz, ekainaren 14tik uztailaren 12ra.
Finalak noiz jokatuko diren ere ezarrita dago. Txapelketako bi faseak amaituta, uztailaren 17an Beti-Alai pilotalekuan erabakiko dira txapeldunak.
Izen-ematea
Antolakuntza prest dago txapelketari hasiera emateko eta orain, txapelketan parte hartu nahi duten bikoteek izena ematea baino ez da falta. Horretarako, Ordiziako Kirkil, Urdin, Amonane, Sugaar, Haka eta Kantoi tabernetara hurbildu eta bertan eman ahalko dute izena interesa dutenek. Bikoteko 10 euro ordaindu beharko dira. Txapelketan parte hartu nahi baina bikoterik aurkitu ez dutenen kasuan, antolakuntzak bilatuko die norekin jokatu.
Ordizian jaiotakoek, erroldatutakoek edo herriarekin lotura dutenek parte hartu ahalko dute. Federatuek, berriz, ezingo dute parte hartu.