Idiazabal gazta berriak "usain zoragarria" duela esan du Aizpea Oihanederrek
Artzain Egunarekin batera Idiazabal gazta berria moztu du gaur Aizpea Oihaneder sukaldariak Ordizian. 2.000 ardik igaro dute herrigunea.
Urteko lehenengo aparteko azoka egin dute gaur Ordizian, Idiazabal Gaztaren denboraldiari hasiera eman dion Artzain Eguna. Ardiak, artzainak eta gazta izan dira beste behin ere protagonistak. Goizean goizetik, asteazken azoka egun berezia zela antzeman da. Ohi baino jende gehiago ikusi da plaza inguruan. Ekoizleen postuetan ere nabari zen bai egun berezia zela, uztarik onenak eraman baitituzte. Garagartza plazan ere izan da zer ikusi. Ardi eta ahari erakusketa eta lehiaketa egin dituzte.
Hamaikak alderako, herriguneko kaleak bete egin dira. Artaldearen pasaerako unean, kale nagusiaren bi aldeetara pilatu da jendea. 2.000 buruk zeharkatu dute kalea, hiru artaldetan banatuta.
Jarraian, gaurko ekitaldi nagusiari eman diote hasiera udaletxean. Bertan, Jakitea elkartea omendu dute, betiko sukaldaritzaren eta Idiazabal gaztaren alde egin duten lanagatik. Gainera, erregulartasun kalitate sariak ere banatu dituzte. Aurtengoan Goierrin gelditu dira sariak. Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak eta Ordiziako Joseba Insaustik Otatza gaztagatik jaso dute.
Azkenik, Idiazabal gazta berriaren mozketa egin dute. Aurten, Aizpea Oihaneder, Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldaria izan da gazta ebakitzeko ardura izan duena. Joseba Insaustik egindako gazta ebaki du eta “usain zoragarria” duela nabarmendu du.
SARIAK:
Ardi errape erakusketa-txapelketa
Muturbeltza
- Aizpea elkartea/Aizpea Baserria /Olaberria- Bildots Hoberena
- Aizpea elkartea/Aizpea Baserria-Ardi hoberena
Muturgorria
- Gomiztegi Kooperatiba/ Gomiztegi Baserria /Oñati-Bildots Hoberena
- Gomiztegi Kooperatiba/ Gomiztegi Baserria /Oñati- Ardi hoberena
Ahari latxa mutur beltza
- Gaztañaditxulo-Ander Barandiaran (IDIAZABAL) Ahari Heldua
- Makatza-Aitor Mantxola (LEGAZPI)-Arkume aharia
- Makatza-Aitor Mantxola (LEGAZPI)-Bildots aharia
Ahari latxa mutur gorria
- Gomiztegi-Gomiztegi KOOP. (OÑATI)-Ahari Heldua
- Galtzaga-Galtzaga S.C.-Arkume Aharia (Oiartzun )
- Galarraga-Begoña Galarraga (ERREZIL) Bildots aharia
Aharien XX. lehiaketa morfologikoa:
Mutur Gorria Arkumeak (urte bat baino gazteagoak)
- 1.go saria: Miguel Amiano. Bordaberri (Altzo)
- 2. saria: Resurreccion Balerdi. Etxe-Luze (Altzo).
Bildotsak (urte bat baino gehiagokoak).
- 1.go saria: Miguel Amiano. Bordaberri (Altzo)
- 2. saria: Aitor Iztueta. Intzartzu. (Lazkao)
Ahari zaharrak (bi urtetik gorakoak)
- 1.go saria: Aitor Iztueta. Intzartzu. (Lazkao)
- 2. saria: Aitor Iztueta. Intzartzu (Lazkao).
Mutur Beltza Arkumeak (urte bat baino gazteagoak)
- 1.go saria: Jesus Ansola “Mausitxa” (Elgoibar)
Bildotsak (urte bat baino gehiagokoak)
- 1go saria: Jesus Ansola “Mausitxa” (Elgoibar)
Ahari zaharrak (bi urtetik gorakoak)
- 1.go saria Jesus Ansola “Mausitxa” (Elgoibar)