Nekazal kultura, horma irudian
Legazpiko kiroldegian eta Zumarragako pasabide batean muralak margotuko dituzte. Legazpin lanean ari dira jada eta Zumarragan izena eman daiteke oraindik
Goierri garaiko bizilagunek nekazal kulturari buruzko horma irudiak margotu behar dituzte Legazpin eta Zumarragan. Legazpikoa Bikuña kiroldegiaren fatxadan egingo dute eta Zumarragakoa Txurruka eta Urtubi parkea lotzen dituen pasabidean.
Egitasmo honen bultzatzaileak Uggasa garapen agentzia eta Goierri garaiko udalak dira. Bizilagun guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete.
Nekazal kultura ikasturte honetan Eskolako Agenda 21ean landu duten gaia da. Horma- rudiaren helburua gai hau zabaltzea, bizikidetza bultzatzea eta zenbait balore eta trebezia sustatzea da. Adibidez, irudimena, sormena, antolaketa, konstantzia…
Legazpikoak, lanean hasita
Legazpiarrak lanean ari dira dagoeneko. 20 bizilagunek eman dute izena eta dagoeneko bi bilera egin dituzte. Parte hartzaileek ideiak bota dituzte eta hurrengo pausoa zirriborroa egitea izango da. Azken bilera maiatzaren 8an izango da. Ondoren, maiatzaren 10, 11 eta 12an, horma irudia egingo dute.
Zumarragan ere lan talde baten sorrera bultzatu behar dute. Adin guztietako bizilagunek parte har dezakete. Baldintza bakarra ingurumena eta pintura gustuko izatea da.
Prozesua Ikertze enpresako teknikariek eta Arantxa Orbegozo artistak gidatuko dute. Hasteko, hiru bilera egingo dituzte. Maiatzaren 15, 22 eta 29an izango dira. Bilera horietan, parte hartzaileek beraien proposamenak aurkeztuko dituzte eta ideiei forma emango diete. Bilerek bi orduko iraupena izango dute. 18:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko dira.
Horma irudia maiatzaren 31tik ekainaren 2ra doan asteburuan margotuko dute: hilaren 31n (ostirala) arratsaldez eta ekainaren 1ean eta 2an (larunbata eta igandea) goizez eta arratsaldez.
Uggasak eta udalek herritarrak parte hartzera animatu dituzte. Izen-ematea doanekoa da. Horretarako, partaidetza@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi behar dute. Mezuan, izen-abizenak, adina eta telefono zenbakia jarri behar dute.
Zumarragako udaletxera deituta ere eman daiteke izena. Bertako telefono zenbakia 943 72 90 22 da. Izena emateko epea hilaren 30ean itxiko da.