Jaiegun denak saski berean
Lazkaon asteburu bakarra hartuta ospatuko dituzte San Prudentzio jaiak. Zazpi egun dira, hala ere, gaur hasita. Goierri Gorri, pregoilari. Hesian, Unidad Alavesa eta Gozategi jotzaile
Egutegiaren eskakizunagatik, asteburu bakarrean errendituko dira aurten Lazkaoko San Prudentzio festak. Ez dira motzagoak izango hargatik. Zazpi eguneko aste nagusia gaur hasiko da, asteazkenera arte. Ondoren, Lazkaomendiko festak iritsiko dira jarraian.
Txosna gunean izango da festan sartzeko lehen aukera, gaur. Patata-tortilla lehiaketa eta kontzertuak antolatu dituzte. Lehiaketan, osagaiak antolakuntzak jarriko ditu, baina tresnak norberak eraman behar ditu. Amebin lau lagunentzat afaria irabaziko du tortilla onenaren egileak.
Jaien pregoia Goierri Gorri futbol taldeak egingo du. Lazkaoko kluba bazkide duen elkartearen lehen futbol taldeko hamar bat futbolari igoko dira udaletxeko balkoira (gazteagoak, behean), eta Irati Acosta lazkaotarrak irakurriko du.
Berrikuntza bakanetakoa, haurren lagun arteko bazkaria izango da. Astelehenean, plazan egingo dute otordua 10 urtetik 14ra bitarteko neska-mutilek.
Xake lehiaketa ere egunez aldatu dute. Ohituraz, jaien lehen ostiralean egin izan dena, hurrengo ostiralera eraman dute: maiatzaren 3an jokatuko dute haurrek. Kantaka abesbatzak kantaldia ere egun hartan egingo du, San Prudentzio ermitan.
Musika kontzertu ugari
Festa Batzordearen eta txosnagunearen artean bederatzi kontzertu antolatu dituzte. 18 taldek joko dute Lazkaon festa-egunetan; horiez gain, kale animazioa eta disko jartzaileak ere egunero jardungo dira, kalean, plazan edo txosnan. Haurren play-back ikuskizuna ahaztu gabe.
Lazkaotarrek osatutako Unidad Alavesa izango da talde izarretako bat. Txosnan joko du, bihar. Plazan, bestetik, Hesian eta Gozategi dira aipagarrietakoak, baita Betagarrin, Lauroban eta Vendettan ibilitakoen Modus Operandi ere. Herriko Drindotsen dantzaldiak ez du huts egingo, besteak beste.
Kultura arloan, Oin-Arin taldeak antolaturiko dantza saioa igande arratsean da. Dantzari helduak ariko dira, bai lazkaotarrak, bai Ibarrako Alurr, Idiazabalgo Axari eta Ordiziako Amets-Bidekoak. Ohitura den bezala, sueltoko dantza lehiaketarekin bukatuko dira jaiak.
Ikastolan ikasleen artelan erakusketa egongo da, bihar eta astelehenean (11:00-13:00 eta 16:30-18:30). Afariak ere emango dituzte jolastoki estalian, apirilaren 26tik 30era, gauero.
Krosa eta txirrindulariak
Kirol arloan ere ikuskizun hainbat ekarriko dute festek. Sustrai sendoak bota dituen binakako kros mistoa bihar gauean jokatuko da, haurrena lehenik (20:00) eta helduena gero (21:00). Izena gaur gauerdira arte eman daiteke (rockthesport-en), doan. Helduek 5,5 kilometroko hiri zirkuitua izango dute, lau-laua. Bikote irabazleak 150 euro jasoko du, eta herriko lehenak 75.
Iaz 75. ekitaldia bete ondoren, txirrindulari amateurren Lazkaoko Probak 76.a izango du, San Prudentzio bezperan. Euskaldun txapelketarako baliagarri izango da. 123 kilometroko ibilbidea du. Larraitz bi aldiz, Olaberria eta Lazkaomendi Zaldibiatik igota (helmugatik 3 kilometrora) igoko dituzte.
Pilotak presentzia izango du. Lapkeko haurrek partidak jokatuko dituzte, bihar. Herriko esku pilotako finalak, berriz, asteartean. Urrezko Aizkorak eskainiko du herri kirola, harri eta aizkora.