Mariren eta Basajaunen babes erraldoiarekin
Gonbidatu eta ikur bereziak izango dituzte Lazkaoko festek, aurtendik aurrera. Apirilaren 13an lazkaotarrei aurkeztu ondoren, 'Basajaun' eta 'Mari' erraldoiak kalejiran irtengo dira, bihar. 3,65 metro altu dira biak.
Kopeta ilun samarra, azpegi gogorra eta ile-bizar luze-beltzak ditu Basajaun-ek. Baina mendietako jaunaren kapa du sorbaldan, eta harrizko aizkora eskuin eskuan. Polita da, aldiz, Mari. Aurpegi aratzekoa, azal zurikoa eta begi argiak. Lorezko koroarekin apaindua. Akerbeltz burua dauka makilan, eta sua dario gona barrenetik, ordea.
Lazkaoko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako senide berriak dira, apirilaren 13an publikoki aurkeztuak, eta San Prudentzio jaiotan benetako estreinaldia izango dutenak. Mitologiako bi pertsonaia horiek aukeratu dituzte herriko lehen erraldoitzat, artaldeen babeslea bat, naturaren ama bestea.
Galar Zendeako (Iruñerria, Nafarroa) Barbatain industrialdeko Eskuartean tailerrean egin dituzte bi erraldoiak Imanol Urabaien eta Christian Azkona artistek, Lazkaoko Udalaren eskariz. 3,65 metro altu dira biak; Basajaunek 62,5 kilo ditu, eta Marik 54,1 kilo.
Soinekoaren oihalak udalak aukeratu zituen, eta «kalitatezko tapiz-ehunez eginak» dira. Fermin Teruel Etxezarreta jostunak josi zizkien. Ileak, berriz, Santi Goikoetxeak eginak dira.
Duela bi asteko aurkezpenean, Huarteko lau erraldoik eta Lazkaoko zortzi buruhandiek lagundu zieten lehenengo kalejiran. Txupinazoaren ondoren, bihar aterako dira berriro; oraingoan, betiko Lazkaoko jaien zelatari gelditzeko.