Txorien kantuak ezagutzeko ibilaldia egingo dute larunbatean, Zegaman
Anduetza parketxearen inguruan ibilaldia egingo dute, Eneko Azkuek gidatuta, bertako txoriak eta haien kantuak ezagutzeko. Parte hartzeko izena eman behar da.
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, Txorien kantuak ezaguteko ibilaldia egingo dute larunbatean, Zegaman. Anduetzako parketxean elkartuko dira, 10:00etan; aurkezpen labur bat egin eta gero, “zailtasunik gabeko ibilaldia” egingo dute parketxearen inguruan. Arkamuda Taldeko Eneko Azkuek gidatuta, “gure inguruko txoriak eta hauen kantu ezberdinak” ezagutuko dituzte. Saio osoak, bi orduko iraupena izango du. Antolatzaileek, prismatikoak ekartzeko gomendatu dute.
Adin eta ezaguera maila guztietako herritarrei zuzendutako irteera da. Parte-hartzea irekia bada ere, aurrez izena eman behar da, Anduetzako parketxera deituta (943 80 21 87) edo anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbudera mezu bat bidalita. Prezioa 5 eurokoa da, pertsonako.