Aralarko larreen irekiera festa egingo dute maiatzaren lehenean
Maiatzaren lehenarekin egingo dute Aralarko larreen irekiera ekitaldia Larraitzen, festa giroan. Bertsolariak, trikitilariak, dantzariak eta artisau postuak izango dira.
Ohiturari jarraituz, maiatzaren lehenean, asteazkenean, zabalduko ditu Enirio Aralar Mankomunitateak belardi komunak, eta urrira arte, abelburuak hantxe elikatu ahalko dira. 17.500 ardi, 1.000 behi eta 700 bat behor dira hurrengo hilabeteak Aralarren igaroko dituztenak. Larreak irekitzeko aitzakiarekin, festa egingo dute maiatzaren 1ean, Larraitz gainean.
Egun osorako egitarau bete-betea antolatu dute beste behin ere Aralarko larreen irekiera egunerako. 10:00etan irekiko dituzte artisau postuak eta Beasaingo Ostadar dantza taldeko dantzariak ere festa gunean egongo dira.
Giltza abeltzainen esku
Festa giroa sortuta, 11:30ean ekingo diote mendiko larreen irekiera ekitaldi ofizialari, administrazio eta abeltzainen arteko konpromiso ekitaldia ere izango dena. Horretarako, langako giltza eskuz aldatuko dute eta abeltzain bati ere omenaldia egingo diote. Jarraian, suziria botako dute eta horrekin batera, Aralarko larreak irekita geldituko dira.
Ekitaldi ofizialaren ondoren, Ostadarreko dantzariek emanaldia egingo dute. Bertsotan ere ariko dira Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi. Kantuan ,berriz, Jose Ignazio Barberia eta trikitilariak ere egongo dira eguna girotzeko.
Festak arratsaldean jarraituko du. Jexux Mujikak eta Aitzol Txapartegik erromeria egingo dute.