Espainiar Gorteetarako Hauteskundeak, euskal alderdientzat neurgailu
Igandean 51.743 goierritar daude hauteskundeetara deituta. Euskal alderdiak hasi dira giroa berotzen, begi bat Madrilen eta bestea maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan jarrita
Hilabete eskaseko epean bi aldiz daude deituta herritarrak botoa ematera, eta euskal alderdiak hasiak dira motorrak berotzen. Aurreneko geltokia, Espainiako Gorteetako Hauteskundeak izango dituzte, igandean. Giroa oraindik epel antzean badago ere, datozen asteetan berotzen joango dela aurreikusi daiteke. Egunotan, EAJk, EH Bilduk nahiz Elkarrekin Podemosek ekitaldiak egin dituzte Goierrin, herritarrei igandean botoa emateko deia eginez.
Tren geltokiak aukeratu dituzte EAJk eta EH Bilduk, biek ere, Madrili aldirietako trenen transferentziak eskatzeko. Asteazkenean Beasainen elkartu ziren EAJko kideak, Joseba Agirretxea kongresurako hautagaia buru zutela.Transferentzien arloan, «Espainiako Gobernuaren jarrera tamalgarria» dela salatu du Agirretxeak eta berez ustez, Madrilen, «EAJ ez bada, inor ez» da mugitzen. EAJk sustapen arloan jokatu duen «paper garrantzitsua» azpimarratu du. Aldiriko trenen «transferentzia behingoz gauzatzea behar-beharrezkoa» dela uste du, «denborak erakutsi baitu Euskadin eta Euskaditik hobeto» kudeatzen direla zerbitzu horiek.
EH Bilduk ere garraio zerbitzuak izan ditu hizpide, atzo Legorretan egindako ekitaldian. Mertxe Aizpurua kongresurako hautagaiak gogorarazi du Gernikako Estatutuaren arabera transferentzia horrek honezkero gauzatuta behar lukeela. «Benetan onartezina da legez dagozkigun 37 eskumenekin horrelako merkadeoan aritzea bai Madril eta baita Gasteizko gobernua ere». Zerbitzu horrek «azken urteetan jasandako utzikeria» salatzearekin batera, «tren sozialaren zerbitzua ezinbestekoa» dela gogorarazi du.
Ordiziako azoka izaten da hauteskunde kanpainako beste puntu beroetako bat. Artzain Egunarekin batera, EH Bilduko eta EAJko kideez gain, Elkarrekin-Podemosekoak ere aritu ziren kalean, propaganda banatzen. Rafa Sainz de Rozas eta Miren Gorrotxategi kongresurako hautagaiak bertan zirela, ekitaldia ere egin zuten. Historia zuk idazten duzu lemapean, koalizio morearen proposamenak azaldu eta globalizazioaren aurkako mezua zabaldu zuten.
Datuak egunean bertan
Gaur gauean bukatuko da ofizialki hauteskunde kanpaina, eta gogoeta eguna izango da biharkoa. Igandean, 09:00etan zabalduko dituzte Goierriko 42 hauteslekuak (85 hautes mahai guztira). 20:00ak arte egongo da botoa emateko aukera, eta segidan egingo dute behin-behineko kontaketa. Goierrin 51.743 lagunek dute botoa emateko eskubidea. GOIERRIKO HITZA-k igandean bertan emango du datuen berri.
Hautagai goierritarrak
Kongresurako:
· EH Bildu. Joan Mari Olano.
· EAJ. Xabier Barandiaran.
· EAJ. Garbiñe Mendizabal.
· EAJ. Miren Elgarresta (ordezkoa)
· PSE-EE. Aranzazu Gonzalez (ordezkoa)Senaturako:
· EH Bildu. Olaia Duarte.
· EH Bildu. Iban Asenjo (ordezkoa).
· EAJ. Luke Uribe-Etxeberria.
· PSE-EE. Juan Manuel Serna (ordezkoa)