«Korrika egitea nire arnasgunea da»
Goierri Garaia atletismo taldeko kidea da. Master 50ean Espainiako txapelduna izan da krosean aurten. Encinak (Legazpi, 1963) erronkak jotzen dizkio bere buruari. Hainbat bete ditu.
Aurten urrea lortu duzu Espainiako Kros Txapelketako Master 50ean, baina aurretik zilarra eta brontzea lepo bueltan zintzilikatu zenituen. Urrea falta zen?
Bai, arantza hori nuen eta begitan hartu nuen erronka. Bereziki prestatu naiz, ez niolako ihes egiten utzi nahi. Madrilen jokatu zen, martxoaren erdian, Collado Villalban. Zirkuitu oso ederra zen, zainduta zegoen, belarra, sakanguneak, hartxintxarrak… Ibilbide perfektua izan zen. Untxi asko zegoen lekua zen, bitxia egin zitzaidan. Haize asko zegoen eta haizeak traba egiten digu korrikalarioi, baina niri ongi atera zitzaidan.
Zergatik gustatzen zaizu krosa?
Neguko denboraldian krosean ibil gaitezke eta asfaltoan korrika egiteko presta gaitezke [Lasarten Euskadiko txapeldun geratu zen]. Niri, halere, lasterketa mota guztiak gustatzen zaizkit. Luzeak egin ondoren osatzeko denbora gehiago behar duzu, eta egia da egunerokoan prestatzeko denbora gehiago behar duzula.
Esate baterako, gaur bertan nolako entrenamendua egiteko asmoa duzu?
Gaur astindua emango diot gorputzari. Brinkola, Udana, Aizkorriko magala… Hango paraje zoragarrietatik joango naiz, ziztuan. Agian norbaitek esango du, nora doa zoro hori halako abiadan? [Barreak].
Zergatik egiten duzu korrika?
Nire arnasgunea da. Gorpuzkerak lagundu dit betidanik eta esan beharra daukat horregatik pribilegiatua sentitzen naizela. Urte asko dira jada korrikan nabilela.
Urola Garaia taldeko kidea zara.
Bai, niretzat taldea oso garrantzitsua da, hari esker gabiltza hain ongi eta hain gustura. Are gehiago, niretzat pentsaezina da Legazpiko eta bailarako kiderik gabe korrika egitea. Bide batez, hemendik ingurutik korrika egitean gure atzetik datozenei korrikarekiko grina transmititzeko ilusioa ere badugu.