Legazpiko jaiak txosnagunean hasiko dira bihar
Legazpiko Gazteriak izenpean, hainbat gaztek ustiatuko dute aurten Santikutz jaietako txosnagunea. Kontzertuak, pilota partidak, herri kirolak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Lehenak izango dira asteartean ofizialki hasiko diren jaiak eztandarazten. Hain justu, bihar hasiko dira festak txosnan.
Akerren Seinalek joko du lehenengo, 18:30ean. Ondoren, 23:00etan hasita beste kontzertu saio bat egongo da. Rudeska taldea hasteko, eta Browstons ondoren. Hiru taldeak legazpiarrak dira eta Akerren Seinale nahiz Rudeska Legazpin sortu berri diren musika taldeak dira.
Gazte Eguna
Datorren asteartean, jaien hasiera ofizialarekin batera, txosnan prestatu duten egitarauari segida emango diote. 19:30ean trikitilariak eta 23:00etan kontzertu sorta izango da; D-Pinxos taldeak joko du eta DJ Min-ek musika jarriko du.
Txosnako egitarauan, aitzitik, pisu berezia izango du maiatzaren 1ak orduan ospatuko baitute Gazte Eguna. Eguerdian hasi eta bazkari autogestionatua egingo dute ondoren. Arratsaldean herri kirolak eta gauean euskal musika izango dira.
Maiatzaren 4an, larunbatarekin amaituko dira txosnaguneko ekintzak, eta hasi bezala musikaz amaitu ere.