Maribaratzako 8. zenbakiko bizilagunek beraien etxeak utzi behar izan dituzte sutea dela eta
Kea ikusi orduko larrialdi zerbitzuei deitu diete bizilagunek. Legazpiko, Ordiziako eta Tolosako suhiltzaile taldek parte hartu dute lanetan. Bizilagunek ezin izango dute oraingoz etxeetara bueltatu.
Ordiziako Maribaratza kaleko 8. zenbakiko teilatuan sua piztu zen atzo. 11:30 inguruan, auzoko bizilagunek larrialdi zerbitzuei deitu zieten, etxeko teilatuan kea ikusi zutelako. Zorionez, ez zen zauriturik izan.
Atzoko goiza urduritasunez bizi zuten Maribaratza kaleko 8. zenbakian eta inguruko erakinetan bizi direnek. 11:30a aldera, sutea gertatu zen eta auzoko bizilagunek, kea ikusi eta segituan larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Denbora gutxian bertaratu ziren Legazpiko, Ordiziako eta Tolosako suhiltzaile parkeetako sei talde, Ertzaintzako hiru, 112ko anbulantzia, Babes Zibila, Udaltzaingoa eta udal teknikariak larrialdia artatzeko.
Ezbeharraren tokira iritsi eta segituan aktibatu zuten dagokion protokoloa. Sutea gertatu zen etxebizitzan eta haren ondoko blokeetan zeuden bizilagunak atera zituzten lehenik. Horietako asko une hartan jantzita zutenarekin atera behar izan zuten eta anbulantzietako langileek mantak eman zizkieten.
Suhiltzaileek saiakera guztiak egin zituzten teilatuan ikusten zen sua lehenbailehen itzaltzeko. Helburua, sua eraikinean bertan eta ondoko etxebizitzetara ez hedatzea zen. Maribaratzako 8.a egurrezko eraikuntza oso zaharra da eta gainera sutearen unean haizea zegoen. Horregatik, bi ordu inguru behar izan zituzten sugar handienak itzaltzeko. Dena den, lanean jarraitu zuten eremua hozteko.
Kaltetua izan den eraikineko bizilagunek momentuz ezingo dute beren etxeetara bueltatu. Hori horrela, udalak behar gehien duten bizilagunei ostatua jarri zien.
Sutea pizteko arrazoiei dagokienez, ikerketa ireki dute zergatia zehazte aldera.