Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketa ibiltaria Igartzako burdinolan dago
Beasain, Legazpi, Mutiloa, Ormaiztegi eta Zerain egitasmoko parte dira. Maiatzaren 5era arte dago ikusgai. Bisita gidatuak eta tailerrak ere izango dira datozen egunetan
Garai batean, burdingintzaren jarduera ekonomikoa garrantzitsua izan zen Pirinioen bi aldeetan, eta oraindik ere horrela da hainbat tokitan. Azken urteetan, Okzitaniako, Andorrako, Kataluniako eta Euskal Herriko zenbait erakundek hainbat egitasmo bultzatu dituzte siderurgiak utzitako ondarea ezagutarazteko. Honela, foru aldundiarekin batera, burdinarekin lotura berezia duten Beasain, Legazpi, Mutiloa, Ormaiztegi, Zerain, Eibar, Irun, Errenteria eta Azpeitiko udalek, Pirinioetako Burdinaren Bidea kultur elkartea sortu zuten 2004an. Era horretan, Pirinioetako Burdinaren Bideak aukera ematen du burdingintzaren industriak Euskal Herrian utzi duen ondare aberatsaren aztarna ugari ezagutarazteko.
Erakusketa
Egitasmoen artean, Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketa ibiltaria dago eta maiatzaren 5era bitartean Beasaingo Igartza Monumentu Multzoko burdinolan ikus daiteke. Formatu handiko 24 taulatan eta Igartzako Monumentu Multzoko elementuen bidez, bisitariak aukera izango du mendeetan zehar burdina Pirinioen bi aldeetan osatu zuen kultur ondare aberatsa ezagutzeko.
Kultur ibilbidearen lurraldeetako lau hizkuntza ofizialetan idatzitako deskribapen testu laburrak ditu: euskaraz, katalanez, frantsesez eta gazteleraz. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbat, igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ikus daiteke.
Bisita gidatuak eta tailerra
Beste hainbat ekintza osagarri ere antolatu dituzte: maiatzaren 1ean eta 5ean, 11:30ean, Tradizioa 0.0tik industria 4.0ra: Etenik gabeko bidea bisita gidatua egingo dute; eta maiatzaren 4an, 16:00etan, burdina artisau erara lantzeko tailerra egingo dute.