Etenik gabeko festa giroa Lazkaon
San Prudentzio eguna ospatu dute Lazkaon: besteak beste, prozesioa, txistulariak, dantzaldiak, musika eta giro ona izan dituzte herrian bildu direnek.
Txistularien goizeresiak eman dio hasiera San Prudentzio egunari Lazkaon, goizeko 9:00etan. Artisau azoka, bestalde, 10:00etan hasi da: margolariak, eskultoreak, arropa saltzaileak… hainbat postu jarri dituzte Hirigoien kalean. 10:30ean prozesioa egin dute San Migel parrokiatik San Prudentzio ermitara. Horretaz gain, trikitilariak aritu dira goiz osoan herria girotzen.
Ohiturei eutsiz, Lazkaoko udaleko ordezkari politikoek soka-dantza egin dute herriko plazan, eta jende asko bildu da haiek ikustera. Hauteskundeak diren arren, Lazkaon festak ez du etenik izan.