Goierrin EAJk irabazi ditu hauteskundeak, EH Bildu eta PSE-EE ere asko igo dira
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan EAJ izan da Goierrin alderdirik bozkatuena, 12.688 boto jasota; igoera handia izan dute jeltzaleek, baita EH Bilduk (10.983) eta PSE-EEk (6.448) ere.
Boto zenbaketak bukatuta, EAJ izan da boto gehien jaso duena Goierrin, 12.688 guztira. Igoera nabarmena izan du alderdi jeltzaleak, 2016an baino 3.000 boto gehiago jasota. Bigarren alderirik indartsuena EH Bildu izan da, hau ere igoerarekin; 10.983 boto jaso dituzte, 2016an baino 2.000 boto gehiagorekin.
Espainia mailako joerak hauspotuta, PSE-EEk ere gora egin du Goierri mailan eta 6.448 boto jaso ditu, azken hauteskundeetatik 2.000 boto igota. Txanponaren beste aldean dago Elkarrekin-Podemos, ia 3.000 boto galdu baititu 2016koen aldean.
Herriz herri begiratuta, EAJ izan da nagusi Beasainen, Idiazabalen, Legazpin, Ordizian eta Urretxun. EH Bilduk berriz, Ataunen, Lazkaon, Legorretan, Zaldibian eta Zegaman irabazi du. PSE-EEk berriz, Zumarragan garaipen nabarmena lortu du.