Amiantoak hildakoak gogoan
Beasaingo CAF enpresan 2018an amiantoarekin lanean aritzeagatik hildako I.S.E eta A.S.H lankideak omendu dituzte. Dagoeneko 37 dira amiantoarekin lan egiteagatik Beasaingo CAFen hildako langileak.
Berriz ere Amiantoaren monumentuaren aurrean elkartu dira gaur goizean CAFeko langileak, amiantoarekin lanean aritzeagatik hil berriak diren I.S.E. eta A.S.H lankideak omentzeko. Minutuko isilunearekin hasi da ekitaldia eta Laguntasuna Errondailakoek abestutako Txoriak txori abestiak lagundu du ekitaldia. CAFeko Enpresa Batzordearen esanetan, dagoeneko 37 dira amiantoarekin lan egiteagatik Beasaingo CAFen hildako langileak. «2018a, gaur arte, amiantoak langile gehien hil dituen urtea bezala ezagutuko da. Amiantoaren Kaltetuen Euskal Elkarteak 34 langile zendu zenbatu zituen iaz. 2017an 22 eta urte bete lehenago beste 29».
Era berean, Osalanek egindako ikerketaren arabera, «datozen urteetan eta Euskal Herrian urteko 1.000 kasu inguru emango dira amiantoaren espozioarekin zerikusia duten gaixotasunetan, eta bertan zuzenean lanarekin zerikusia ez duten 90 bat mesotelioma kasu aurreikusten dituzte. Horregatik, Enpresa Batzordearen esanetan, «hau da konpentsazio funts bat sortu behar izatearen arrazoi nagusia».
Hori dela eta, iazko apirilaren 27an «zerrenda beltzean dagoen edozein langileri», amiantoarekin lan egin izateagatik garatutako gaixotasuna diagnostikatzen zaionean, inolako izapide judizialen beharrik gabe, gaixotasun profesional bezala onartzea, eragindako kaltea onartzea eta dagokion indemnizazioa ematea eskatu zien CAFi. «Baina berriro ere, zuzendaritzaren erantzuna zehaztasunik gabea eta anbiguoa izan zen, alderdi sozialaren eskariari muzin eginez eta basakeria honetan duen erantzukizuna ukatuz». Era horretan, «instituzio, politikari eta enpresen aldetik dagoen erantzukizun falta, ukapena eta desinformazioa salatzen» jarraituko dutela nabarmendu zuten, «hau ez delako kasualitatea izan, hau jakina zen eta onartu egin zuten».
Manifestazioa hilaren 10ean
Hori guztiagatik, maiatzaren 10ean, trengintza sektorean diharduten hainbat enpresek manifestazioa egingo dute Beasainen, «iruzur eta sufrimendu gehiagorik ez: aitorpena, erreparazioa eta prebentzioa lelopean.