Astelehenak biharamunik ez
Korrika proba, dantza saio, txirrindu lasterketa eta kontzertuen artean, mozorrotuen koloreak ardaztu du Lazkaoko festetako asteburua. Gaur kuadrillen egunarekin segiko dute, bukaerarantz.
Haurren eguna ospatu zuten, atzo, Lazkaon. San Prudentzio jaien egitarauaren laugarren jardunaldia ere eguzkitsu igaro dute. Jolas parkeak, txirrista-puzgarri erraldoia plazan (udaletxea baino altuagoa), eta play-back kantaldia izan dira gozagarri. Eguerdian, 280 bat haurrek plazako frontoian bazkaldu dute, aurten lehen aldiz eurentzat antolatutako otorduan.
Asteburuak askorako eman du. Goierri Gorri futbol taldeko jokalariek irakurri zuten pregoia, ostiralean. Klubari eta emakumezkoen futbolari egindako «aitortza» gisa hartu eta eskertu dute keinua. «Bakarrik azkarrago iritsiko gara, baina elkarrekin azkarrago» leloa oihukatuz hasi zituzten jaiak. Jose Inazio Lasa lehendakariak piztu zuen suziria, eta Mari eta Basajun erraldoi berriak buru zirela, kalejira abiatu zen.
Kros mistoaren 4. ekitaldian 38 bikotek parte hartu dute. Maria Ibañez-Dani Oikili (Gaintza-Zizurkil) eta Izaro Rubio-Mitxel Cuadrado (Ordizia) batera iritsi ziren helmugara, 20:25 minutuan bukatuta 5,5 kilometroak. Hirugarren Ainhoa eta Asier Sada donostiarrak izan ziren.
Larunbatean, 76. Lazkaoko Proba jokatu zuten Euskaldun txapelketako ziklista amateurrek. Juan Fernando Calle kolonbiarra (Caja Rural) esprint estuan nagusitu zitzaion Ivan Morenori (Lizarte). 2:55:20 orduan osatu zuten 123 kilometroko ibilbidea. 151 txirrindulari sailkatu ziren. Mendiko saria Aritz Kortabarriak (Eulen) lortu zuen eta taldekakoa Lizartek.
Mozorrotuentzat hiru sari
Zapatu eguerditik aurrera, mozorrotutako taldeek hartu zituzten Lazkaoko kaleak. Erorien Haranetik desehortzitako Franco hilkutxan paseatu zuten legionarioek. Rock taldeak, askotariko heroiak eta bilauak, eta irudimen ikusgarriko jantziak nahiz atrezzoak izan ziren.
Mozorro lehiaketako lehen saria Orioko Yogurines arraunlariek jaso zuten. Mary Poppins eta tximini-garbitzaile taldeari eman zioten bigarrena, eta Sebastian-Aizpuru bikoteari 3.a.
Hauteskunde igandea ere izan zen San Prudentzio egunean, berriz, agintaldiko azken soka-dantza egin zuten udal ordezkariek. Azkena izan dute batzuek, ez direlako berriz aurkeztuko. Artisauen azokak jantzi zuen jai goiza. San Prudentzio ermitako mezaren ondoren, hamaiketakoa atera zuen udalak, Albisu sendiaren garai bateko ardogoxo eta gaileta partiketaren ordez.
Goizeko prozesioak ez bezalako jendetza bildu zuten iluntzean dantza taldeen saioak eta Gozategi taldearen kontzertuak. 11 urteko Hodei mutikoak lagundu zion Asier Gozategiri Aita fandangoarekin, bukaeran.
Egitaraua:
Gaur, kuadrilla eguna
· 12:00. VIII. Esku pilota txapelketa herrikoiaren finala.
· 12:00. Kuadrillen irteera, Incansables txarangarekin.
· 17:30. ‘Tomaxen abenturak’ antzerkia, Zelaian.
· 19:00. Rockbox kale animazioa.
· 20:00. Xaiborren disko festa.
· 22:00. Bull DJa, txosnan.
· 23:00. Kontzertuak: Modus Operandi eta Hesian.