Santikutzak legazpiarrentzat, aste barruan ospatuko dituzten jaietan
Gaur botako dute txupinazoa eta festei hasiera emango diete ofizialki. Jaiak legazpiarrek gozatuko dituzte bereziki astean zehar ospatuko baitituzte neurri handi batean
Egutegia kapritxoz beteta egoten da eta aurtengo Legazpiko jaiak Aste Santuko oporretatik hurbil-hurbil egokitzeaz gain, astean zehar ospatuko dituzte, batik bat, legazpiarrek. Egia da biharko eguna jaieguna dela eta bisitariak joango direla jaiez gozatzera, baina aurten Santikutzak legazpiarrentzat eurentzat neurrira eginda bezala egokitu dira. Aurreko larunbatean festa giroa barreiatu zen txosnan antolatutako kontzertuekin; ofizialki, gaur hasiko dira txupinazoarekin eta pregoiarekin, eta igandean amaitu Mirandaola egunarekin.
Helduen herri danborrada zuzentzen duela 25 urte dira eta Cesar Carballok esango du pregoia gaur, 19:00etan. Ordutik aurrera Legazpi festa giroan murgilduko da eta egunero, igandera bitartean, zertaz gozatu izango dute herritarrek hala egunez nola gauez.
Gaur bertan Bertso Olariak taldeko kideek antolatutako bertso musikatu saioa egongo da Legazpi Gazteriak kudeatzen duen txosnan. Bihar Santikutz Klasika eta haurren zein gazteen danborrada. Etzi ganadu feria eta haur nahiz familien herri bazkaria izango dira. Bazkaria Azokan izango da eta nork bere bazkaria eraman beharko du. Ostiralean, maiatzaren 3a, Santikutz Eguna da. Iaz euriak Azokara eraman zituen, halabeharrez, ezpata dantzariak. Aurten eguraldi iragarpena ez du ematen hobea denik, baina segurtasun gutxi egon ohi da beti Legazpiko jaietako eguraldiaren gainean.
Ostiralean Santikutz Eguna
Floren Gutierrezek jasoko du Olaria saria. Legazpi herri eta komunitate bilakatzen dituen pertsona horietakoa da Gutierrez danborradako kidea, erlezaina, mozorro zalea eta eragilea.
Azpimarratzekoa da, baita ere, musikari legazpiarrek jaietan izango duten toki nabarmena. 3zpa4 emanaldian, maiatzaren 1ean, Mikele Arizkorreta arituko da; Kontuz Erromeriya taldea legazpiarra da, bihar joko dute; Gure Esku Dago kontzertuan, maiatzaren 3an John Dealer& The Coconuts izango dira Sutagarren aurretik eta Garilak 26 taldeko kantaria Maria Redondo da, maiatzaren 4an joko dute.
Aldaketarik gabe dator aurtengo Santikutz Klasika
Bihar jokatuko da 76. Santikutz Klasika. Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuko du oraingoa ere, eta elkarteko kideek adierazi dutenez, ez da aurtengo ekitaldian aldaketarik egongo.
09:00etan abiatuko dira txirrindulariak eta 13:00etan Kale Nagusiko helmugara iritsiko direla aurreikusita, ondoren egingo dute sari banaketa. 147 kilometroko ibilbidea egingo dute; Aztiriko goia bi aldiz joko dute eta Deskarga zein Eitzaga igoko dituzte. Iaz Antonio Gomezek irabazi zuen eta Mikel Mujika legazpiarrak 13. tokian pasa zuen helmuga.