Agintaldian emandako «hitza bete» dutela dio EAJ-ko udal taldeak
Legazpiko EAJko udal gobernu taldeak agintaldiko lau urteen balorazio baikorra egin du. Latxartegiko aparkalekua eta Adif-ekin tren geltokia lekuz aldatzeko egindako elkarlana azpimarratu dituzte.
Legazpiko EAJko udal gobernu taldeak, Koldobike Olabide alkatea buru duela, agerraldia egin du batzokian amaitzear dagoen agintaldiaren balorazioa egiteko. Pozik daude egindako lanarekin eta legazpiarrei emandako «hitza bete» dutela esan dute.
Urola Garaia Mankomunitateko lehendakaritza egokitu zaio agintaldian Olabideri eta erakunde horretatik industria biziberritzeko plana martxan jarri dutela adierazi zuen alkateak batzokian egindako agerraldian; Emakumearen Etxearen irekierari ere azpimarra egin zion.
Legazpin «aparkaleku arazoa» konpontzeko konpromisoa hartu zutela esan zuen alkateak eta 205 plaza sortu dituztela gaineratu zuen, «Latxartegiko parke azpiko aparkalekua eraikitzeko ideia bertan behera utzi dugu bizilagunei ez diegulako bizkarra eman nahi».
Hondakin bilketari buruzko galdeketa egin dutela, eta auzoetan berrikuntzak zein hobekuntzak egin dituztela erantsi zuen. Gizarte zerbitzuen aurrekontua %18 handitu dutela eta Legazpiko tren geltoki berria egiteko Adifekin elkarlanean aritu direla ere adierazi zuen alkateak.
Gutxiengoan gobernatu dutela eta beste alderdiekin adostasunak lortu behar izan dituztela nabarmendu zuen, «erabakien %60 aho batez onartu dira Legazpiko osoko bilkuran».