Aralarko larreak zabalik daude artzain eta abelburuentzat
Aralarko larreak zabaltzeko festa egin dute gaur eguerdian Larraitzen. Jojo Goienetx izan da aurten langa zabaltzeko ardura izan duena. Guztira 19.250 abelburu igoko dira Aralarko belardietara datozen asteetan.
Aralarko Larreen Irekiera ekitaldia egin dute gaur Larraitzen. Eguraldi onak lagunduta, jendetza bildu da goiz eta eguerdi partean. Aurten, Jojo Goienetx Garaziko (Behe Nafarroa) Mendi Elkargoko lehendakariak izan du langa zabaltzeko ardura. Behi, behor eta ardi talde bana pasa dituzte langatik gora, eta gaurtik urrira arte, 19.250 abelburu igoko dira Aralarko larretan bazkatzera. Horietatik gehienak, 17.500 buru, ardiak dira, beste 1.000 behiak, eta gainontzeko 750ak, behorrak.
Jai giroa izan da nagusi goiz osoan Larraitzen. Artisau postuak, gazta ekoizleak, talogileak, eta artilea eta sokak egiteko erakustaldiak izan dira, besteak beste. Nabarralde elkarteak eta Goierriko Nafarroaren Lagunek Ausa Gaztelu gogoan izan dute aurten ere. Trikitilariak, bertsolariak eta Ostadar dantza taldekoak arduratu dira ekitaldia alaitzeaz.