Boluntarioen Azokarekin elkarteek egiten duten lana agerian jarriko dute
Seigarrren aldiz, Boluntarioen Azoka egingo dute ostiralean, Ordizian. Hainbat elkartek haien lana ezagutzera emateko informazio postuak jarriko dituzte arratsalde osoan zehar
Guztia prest dute Ordizian etzi ostirala Boluntarioen Azoka egiteko. Bi urtez behin egiten duten ekintza da, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia udaletxean, Iñaki Dubreuil zinegotziak, Marian Asenjo gizarte zerbitzuetako teknikariak eta Zuhaizti elkarteko presidentea den Raquel Bravok.
Dubreuilek gogoratu zuenez, «2008. urteko ekainaren 14an egin zen lehenengo aldiz Boluntarioen Azoka Ordiziako Udalak bultzatuta». Harrezkero, bi urtez behin egin ohi dute eta aurtengoa, aurten seigarren edizioa dute. Azoka abiarazteko bi helburu nabarmendu zituen Ordiziako udaletxeko zinegotziak: Batetik, «gizarte gaien inguruan lan egiten duten elkarteei laguntzea eta haien lana ezagutzera ematea» eta bestetik, «hain beharrezkoa eta ordaindu ezin daitekeen lan horri eskertza adieraztea».
Gainera, azkeneko edizioaren aurkezpenean erabilitako hitzak errepikatu zituen ostiraleko azoka balioan jartzeko: «Herri bat herritarrek, kolektiboek, elkarteek eta instituzioek, besteak beste, eguneroko lanarekin eraikitzen duten zerbait da».
Ordizia, «zortez, elkarte ugari biltzen dituen herria» dela eta «ezer kobratu gabe, gai desberdinen alde ordu askoz lan egiten duten boluntario asko» daudela gogorarazi zuen, haien guztien lana eskertzeko asmoarekin.
Arratsalde osorako plana
Ostiralerako antolatutako egitarauaren inguruan argibideak eman zituen Asenjok. Baina aurretik, hark ere elkarteen lana goraipatu zuen.
Boluntarioen Azoka 17:30ean irekiko dute. Parte hartuko duen elkarte bakoitzak postua jarriko du plazan, eta bertara gerturatzen den orok elkartearen inguruko informazioa jaso ahalko du bertan. Gainera, komunikazio postua ere egongo da. Bertatik, elkarte desberdinetako kideei elkarrizketak egingo dizkiete eta megafoniatik entzungo dira.
Azokaren aurtengo berrikuntza sukaldaritza ikastaroa emango dutela izango da. Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzako kide den Ane Otegik errezeta osasungarriak prestatuko ditu bertan. Omenaldietarako tartea ere izango da egun horretan nahiz eta momentuz sekretuan mantendu nahi duten. Azoka, 20:30ean itxiko dute.