Eguzkia, festaren lagunik onena
Eguraldi onak lagunduta, giro ederrean ospatu dute lazkaotarrek kuadrillen eguna. Asier Alonsok eta Ander Garmendiak irabazi dute pilota txapelketa
Eguzki bete-betean eta giro ederrarekin. Horrela atera ziren atzo Lazkaoko kuadrillak kalera, blusa koloretsuak jantzita eta Incansables txarangaren doinuak lagun, beraien eguna ospatzera. Izan ere, eguraldi ona izaten da festarako lagunik onena, eta San Prudentziok santu pixontziaren fama badu ere, aurten lazkaotarrek ez dute eguraldiaren aitzakiarik izan.
Batzuk poteoan ari ziren bitartean, frontoian Lazkaoko pilota txapelketa herrikoiaren finala jokatu zuten atzo, plazako frontoian. Asier Alonsok eta Ander Garmendiak jantzi dute txapela, finalean Unai eta Beñat Bereziartu 22-19 mendean hartuta. Aurretik, kontsolamenduko finala jokatu zuten: Iker Izagirrek eta Beñat Urteagak 22-16 irabazi zieten Unai Arrietak eta Aritz Agirrek osatutako bikoteari.
Bazkarien ondoren, arratsaldean jarraitu zuen festa giroak.
Festen akabera
Gaurko egunaren ondoren, jaiek atsedena hartuko dute bihar, eta ostiralean bukatuko dira aurtengo San Prudentzio jaiak. Bi ekitaldi gorde dituzte festen hondarrerako. Arratsaldean haurren arteko Xake Txapelketa jokatuko dute plazan, eta iluntzean, Kantaka abesbatzak jaien bukaerako emanaldia egingo du, San Prudentzio ermitan.
Lazkao ez da festarik gabe geldituko, ordea. Asteburuan, Lazkaomendin izango da jai giroa. Karaokea, txirrindulari proba, pailazoak eta buruhandiak, erromeria eta auzo afaria izango dira asteburuan, besteak beste.
Gaurko egitaraua:
· 10:00. Eskualdeko 26. Igeriketa Erakustaldia, kiroldegian.
· 10:00. Heriotzik gabeko arrantza lehiaketa, Agauntzan.
· 12:00. 31. Bakailao Lehiaketa.
· 13:00. Urrezko Aizkora lehiaketako saioa, plazan.
· 16:00. Toka lehiaketa, plazan.
· 18:00. Dantza Sueltoko 38. Txapelketa, plazan.
· 19:30. Demode Quartet taldea.