Hasi dira santikutzak
Suziria bota, eta Cesar Carballok pregoia irakurri zuen atzo iluntzean. Gaurko hitzordu sonatuen artean Santikutz Klasika eta haur danborrada daude.
Legazpi jaietan dago. Hasi dira aurtengo Santikutz jaiak, jai nagusiak, inondik ere. Cesar Carballok pregoia irakurri zuen atzo iluntzean, harena baita herri danborrada 25 urteetan zuzendu izanaren ohorea. Carballok esker hitzak izan zituen banda «nekaezinarentzako» eta familiarentzako, eta Floren Gutierrez zoriondu zuen jaso behar duen Olaria sariagtik
Gaurko hitzordu nagusiak Santikutz Klasikoa eta haur zein gazte danborrada dira. KTxirrindulariak 13:00 inguruan iritsiko dira Kale Nagusiko helmugara eta danborrada 17:30ean aterako da Laubidetik. Ez dira, baina, ekintza bakarrak izango. Bola eta xake txapelketak, plater tiraketa eta musikari legazpiarrak tarteko diren emanaldiak izango dira iluntze-gauean.
Haur eta gazte danborrada aurretik aginte makila jasoko dute haurrek udalbatzako kideen eskuetatik. Aurten, ohi bezala, LH3ko haurrek hartuko dute; hain zuzen, Garazi Aztiria (alkatea), Aitor Alzelai, Irune Azpeitia, Urko Odriozola, Aiala Soto, Naiara Aparizio eta Maria Sanchez.
Sagardogileak
Egitarauan aldaketak sortuko badira, eguraldiak behartutakoak izango dira. Gaurkoa egun eguzkitsua izango dela aurreikusita dago, baina gainontzeko egunetan euria eginez gero, ekintzak babesean egingo dira.
Bihar Ganadu eta Artisau Feriaren txanda izango da. Sagardo dastaketa ere egingo dute 12:30ean. Parte hartuko duten sagardogileak Iparragirre (Hernani), Lizeaga (Astigarraga) eta Petritegi (Astigarraga) izango dira.