Iritsi da agurrerako ordua
Bakailao lehiaketa Hernandezek eta Delgadok irabazi dute. Urrezko aizkoran Mendizabalek eta Txikia IV.ak egin dute aurrera. Bihartik, Lazkaomendiko jaiak
Aurtengo San Prudentzio jaiek agur esan dute, egitarauak biharko beste bi ekitaldi gorde baditu ere haurren xake txapelketa eta Kantaka abesbatzaren emanaldia. Atzean geratu dira zazpi festa egun, aurten giro bikainarekin eta eguraldi paregabearekin joan direnak. Baina parrandarekin eta jai giroarekin segi nahi duenak badu oraindik horretarako aukera, bihartik igandera arte, Lazkaomendin.
Herriko plaza nagusiaren inguruan batu ziren sanprudentzioetako azken eguneko ekitaldi nagusiak, goizeko igeriketa saioaren ondoren. Eguerdian, sukaldaritza txapelketa jokatu zen, 31.a. Hamar bikotek jardun zuten bakailaoa prestatzen, eta onenak Jose Antonio Hernandez eta Jose Luis Delgado izan ziren; Iñigo Bikuñak eta Balistok, berriz, Domarda elkarteak aurten lehen aldiz eman duen bikote jatorrenaren saria jaso zuten. Prestatutako guztia pintxotan banatu zuten ondoren.
Txapelketa amaitu ordurako hasita zegoen plazan bertan herri kirol saioa. Banakako Urrezko Aizkorako kanporaketa zen jokoan, eta Mikel Mendizabalen, Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Eneko Otañoren arteko lehia lehenengo biren alde erabaki zen, hau da, Mendizabalek eta Txikiak egingo dute aurrera. Bestetik, Urrezko Binakakako Harrijasotze txapelketaren saioan Julen Diazek eta Mateo Colomak jardun zuten, baina ez zuten lortu aurrera jarraitzeko pasea. Arratsaldean ere hainbat ekitaldi egon ziren, plazan horiek ere: toka txapelketa, dantza sueltoko 39. txapelketa eta, amaitzeko, musika Demode Quartet taldearekin.
Lazkaomendin, jaiak bihartik
Txupinazoa bihar 18:00etan botata, festak hasiko dira Lazkaomendin. Ekitaldiz beteriko hiru egun izango dira, igandera arte: musika, haurrentzako ekitaldiak, pilota, txirrindularitza, afaria, meza, eta bertsoak. Herri kirolak ere izango dira, igande arratsean, Iker Vicente, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Iñaki Azurmendi aizkoran, eta Iñazio Perurena harria jasotzen.