Ainhoa Sanz eta Iñaki Olano garaile Segura-Zerain mendi lasterketan, probaren errekor berria ezarriz
Proba laburrean Ainize Lasa, Beasainen bizi den ordiziarra, eta Iñaki Hormaetxe arrasatearra izan dira azkarrenak. Luzean 92 korrikalarik hartu dute parte, eta motzean 81ek. Sailkapenak eta irudiak albistearen barruan.
Ainhoa Sanz urretxuarrak eta Iñaki Olano altzoarrak irabazi dute Segura-Zerain mendi lasterketa trail modalitatean (25 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa). Biek ala biek probaren errekorra hobetzea lortu dute, eta horrenbestez, 100 euroko sari gehigarria jaso dute. Sanzek berak ezarria zuen iaz denborarik onena (2:34:45), eta aurten 11 minutuan ondu du, marka berria 2:23:01ean jarriz. Olanok, berriz, 7 minutuan ondu du iaz Julen Larruzea larrabetzuarrak (2:13:20) –aurtengo bigarren sailkatuak– jarritako denbora. Errekor berria 2:06:20koa da.
Beasainen bizi den Ainize Lasa izan da onena gaur sprint modalitatean (15,3 kilometro eta 880 metroko desnibela). Lasak 1:34:23ko denboran osatu du ibilbidea. Iñaki Hormaetxea arrasatearrak, berriz, Unai Santamariak jarria zuen denbora hobetzea lortu du 9 segundo eskasengatik (1:08:27).
Segura-Zerain mendi lasterketaren ibilbide luzean 92 lasterkarik hartu dute parte –8 emakumezko– eta laburrean 81ek, horietatik 10 neskak. Goierri Kopa Trailerako bosgarren proba puntuagarria izan da gaurkoa, bi lasterkaren faltan. Hurrengo Zaldibiako Mendi Lasterketa izango da ekainaren 8an, eta zazpigarren eta azkena Idiazabalen jokatuko da, irailaren 8an.
SEGURA-ZERAIN TRAIL. SAILKAPENA
Emakumezkoak
- Ainhoa Sanz (Urretxu)………………..2:23:01
- Ainhoa Jauregi (Urnieta)……………2:47:28
- Maialen Gurrutxaga (Andoain)……2:50:27
Gizonezkoak
- Iñaki Olano (Altzo)…………………….2:02:20
- Julen Larruzea (Larrabetzu)……….2:11:14
- Ibai Madina (Berrobi)………………..2:14:38
SEGURA-ZERAIN SPRINT. SAILKAPENA
Emakumezkoak
- Ainize Lasa (Beasain)………………..1:34:23
- Olatz Azpitarte (Elorrio)……………1:34:49
- Olatz Aranburu (Zerain)……………1:36:11
Gizonezkoak
- Iñaki Hormaetxe (Arrasate)………1:08:27
- Oier Larrañaga (Lazkao)…………..1:09:26
- Jon Altuna (Ibarra)………………….1:10:09